Ekintzaile

LASKORAINGO BATXILERREKO IKASLEEK KOOPERATIBA BAT SORTU DUTE

Administrazioa  arloa, ekintzailetza bultzatzeko aitzakia

Laskorain ikastolako 2. mailako ikasleei, Batxilerrean, Administrazioa eta Finantzak arloak bidea eman die, eguneroko bizitzan, salerosketa egintzetan konpetenteki jokatzen trebatzeko.

Jardun ekonomiko erreala eskola esparrura eramanda, gure ikasleek, talde lanean, enpresa kooperatiba bat sortu dute. Egiteko horretan, kooperatiben izaera ezagutzera iritxi dira, haren oinarrizko ezaugarrian euren proiektuan materializatuz: taldekide guztiek lana orekaz egin behar izan dute, alegia, guztien artan banatu behar izan dituzte egitekoak eta guztien errendimendu ona bilatu. Honela, edozein enpresaren sorkuntzan eman beharreko urratsak talde-lanean eman dituzte: euren   enpresaren izena, logoa, organigrama, estatutuak, kooperatiba erregistratu… Baita  enpresak zer produktu ekoitzi behar dituen erabaki ere. Puntu horretan, prezioa, sustapena eta banaketa ere zorrotz aztertu behar izan dituzte, irabazirik izango badute, jakina.

Behin lan hori egin ostean, Eje Valnalon programak enpresa berriarekin salerosketa trukea egingo duten beste ikastetxeen  helbidea eman die, gainontzeko enpresekin harreman zuzena eduki dezaten.

Helburua dute euren produktuak enpresa horiei saltzekoa edo haien bidez merkatuan jartzekoa, eta Laskoraingoek gauza bera egitekoa beraien produktuekin, beti ere,  irabazi ahalmena albait eta handiena izanik.

Behien salerosketa egin ostean, diru-sarrerak gastuak baino handiagoak badira, eskuratutako diru hori irabazi asmorik gabeko elkarteren bati emango zaio eta ikasturte amaieran, sortutako kooperatiba hori deuseztatu egingo da.

Irabazirik eskuratzera iritsi edo ez, finean, gure ikasleek arloari berezko zaizkion kontzeptu teorikoak esperimentalki garatzeko aukera izan dute: ekinez eta eginez ikasi dute. Euren arteko zenbaitek datorren ikasturtetik aurrera goi-mailako ikasketetan sakonago garatuko dituen edukiak bizipenetik ezagutzeko aukera izan du, horrek berarekin dakarren motibazio eta inplikazioan nabarmen gora eginez. Aldi berean, ikasketak eta ibilbide profesionala hautatze-prozesuan ere lagungarri izan zaio erabakiak hartzea egokitzen zaion ikasturte honetan.