EKI Proiektua

EKI: IKASLE KONPETENTEAK HEZTEA HELBURU IKASLEA, IKASKUNTZA-PROZESUAN PROTAGONISTA

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) da 12-16 urte bitarteko ikasleek garatzen dutena. Nerabezaroaren adin honetan, ikasleek bere heziketa prozesuaren parte bezala garatuko dituzte autonomia eta ardurak hartzea, haur izatetik heldutasunerako bidean.

Ibilbide hori garatzeko Orientazio departamenduaren laguntza eta aholkularitza dugu, gure ikasle guztiek, beraien familiekin elkarlanean, arrakastaz etapa bukatu ahal izan dezaten.

Zer esan etapa honetan darabilgun material curricularraz?

Aurtengo ikasturtean iritsi da EKI proiektu curricularra DBHko azken mailara. Aurrerantzean, Laskorain ikastolako ikasleek, sei-zazpi arlo tronkaletan gutxienez, askotariko konpetentziak lantzera bideratuta dagoen material curricularra erabiliko dute.

EKI proiektua Euskal Herriko Ikastolen egoitzan lanean diharduten pedagogo eta espezialistek egindako materiala da eta, aldi berean, Euskal Curriculumaren lehen gauzatze integratua. Hamasei urteko gazte euskaldun eleanitz batek gizarteratzeko eta ikaskuntza-prozesuan aurrera egiteko garatu behar dituen konpetentziak eskuratzera bideratutako material curricularra da, zeina integrazioaren pedagogian oinarritzen den.

Derrigorrezko eskolatzearen amaierako ikaslearen irteera frofilaren arabera ondutako materialak askotariko konpetentziak integratzen ditu, eta horiek guztiak eskuratzeko bidean jartzen du ikaslea maila guztietan, batetik, oinarrizko konpetentzia metadiziplinarrak landuz: ikasten eta pentsatzen ikasi, komunikatzen ikasi (hizkuntzak eta baliabide digitalak), elkarrekin bizitzen ikasi, norbera izaten ikasi eta egiten eta ekiten ikasi; bestetik, oinarrizko konpetentzia diziplinarrak: konpetentzia linguistiko-komunikatiboa, konpetentzia matematikoa, konpetentzia teknologikoa, arte-komunikaziorako konpetentzia, gizarte eta gizabide konpetentziak eta konpetentzia zientifikoa.

Integrazioaren pedagogian txertatutako material curricular honek konpetentziak ez ezik, lehenagotik ikastoletan lantzen den euskaran ardaztutako eleaniztasuna eta konpetentzia digitala ere integratzen ditu arlo guztietan. Horrela, ikasleak IKT baliabideen erabileran trebatzez gainera, horiek arloetako edukiak lantzeko baliabide ezinbesteko izatera igarotzen dira. Helburu horretara heltzeko, gure ikasleek Chromebook moduko ordenagailu bana dute ikastolako eta etxeko eguneroko jardunean baliatzen dutena.

EKI materialak, bestalde, askotariko formatotan eta era berritzailean datoz: ohiko paper euskarrian izatez gainera, baita euskarri digitalean ere: web gunea eta  liburu digitala. Edonola, baliabide digitalen erabilera zeharo integratuta dago arlo eta maila guztietan era askotara, hala nola: informazio iturri bezala, komunikazio tresna bezala, ikaskuntza helburu bezala, ebaluaziorako tresna lagungarri bezala, egindako lanen bilgune bezala (portfolioa)...

Azpimarragarria da, gainera, arlo eta maila guztietan, Unitate Didaktikoak era jakin batera egituratuta daudela, hots: unitatean lan-gai den konpetentzia eskuratzeko bidean, goian aipatu aldeak hiru atal nagusitan antolatzen dira. Hasierako egoera: zeinetan unitatearen amaieran erantzun beharko zaion egoera zein den aurkezten den eta horrekin batera landuko diren eduki baliabideak. Garapena, zeinetan eduki baliabideak edo ezagutzak (kontzeptualak eta prozedurazkoak)  lantzen diren eta, azkenik, amaiera fasea, zeinetan hasieran aurkeztu egoera berrartzen den eta, hari erantzun ahal izateko, landutako eduki baliabideak  mobilizatzea eta transferitzea eskatzen zaion ikasleari. Ibilbide horretan, ikasleak, egiten duen bidean, kontzeptuak eta prozedurak barneratzearekin batera, horiekin bizitza errealetik hartutako egoerei erantzuten trebatzen dira. Izan ere, horixe baita EKI proiektuaren beste alde berritzaileenetako bat, hots: ikaslea konpetente izateko trebatzea, eguneroko bizitzan aurki ditzakeen egoeretan artez ari dadin.

Azkenik esan, pertsonen garapen osoa (norbanako, gizartekide eta izadikide gisa) lortzea helburu duen ikasmaterial integralak ezin duela utzi ikaslea protagonismo apartekorik eman gabe. EKI proiektuan ikaslea bera da ikaskuntza prozesuaren eragile nagusi eta era aktiboan jardutea eskatzen zaio eten gabe, baita bere ikaste-prozesua autoerregulatzea ere. Eginez ikasten baita! Proiektuaren izaera honek, ikasle bakoitzari bere gaitasunen araberako ibilbidea egiteko aukera ematen dionez, bereziki interesgarria egiten du, gelako aniztasunari era desberdinetara erantzuteko parada ematen baitu.

Materiala ezagutu nahi izanez gero, www.ikaselkar.eus gunera daiteke.

Zer dira chromebookak?