MUGI
IURRAMENDIKO AITONA-AMONEKIN PASEOAN, MUGI PROGRAMARI ESKER
Kaixo!! Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleak gara, Tolosako Mugi programan parte hartzen ari garenak. Mugi programa zertan datzan? Tolosako hainbat ikastetxetako gazteak adin nagusiko pertsonekin elkartzean datza, asteazkenero-asteazkenero. Gu Iurramendiko aitona-amonekin ibiltzen gara. Guztiok elkarrekin paseotxo ederra ematen dugu herrian. Hasieran, luzaketak egin ohi ditugu elkarrekin (minik ez hartzeko!), eta, ondoren, bueltatxoa ematen dugu guztiok batera. Baina oraindik ez dizuegu onena kontatu… Izerdi pixka bat bota ondoren, onena geratzen baitzaigu... Zerkausian zain izaten dugun hamaiketakoa, alegia!!
Egia esateko, programa honen berri izan genuenean oso urduri jarri ginen, izan ere, ardura handia da pertsona helduak zaintzea! Baina elkartu ginen lehenengo asteazkenetik bertatik, konturatu ginen gai ginela helduak erantzukizunez zaintzeko, eta beraiekin hain momentu ederrak igarotzean, benetan pozik sentitu gara.
Mugi programa esperientzia bikaina izaten ari da eta asko ari gara ikasten. Pertsona helduek esperientzia asko bizi izan dituzte, eta horren ondorioz, hainbat gauza ikasi ditugu beraiei esker. Gainera, ikasle bakoitzak heldu bat zaintzeko ardura izaten duenez, azkar konektatzen dugu egokitu zaigun aitona edo amonarekin. Oso jatorrak eta maitagarriak dira eta kontu mordoa kontatzen dizkigute: txikitako istorioak eta oroitzapenak, pasadizo interesgarriak… Tolosako herriari buruz ere asko ikasi dugu: lehen nolakoa zen, herritarrak nola bizi ziren, zer lanbide izan ohi zituzten…
Izaerari dagokionez edadetuak oso desberdinak izan arren, denek dute antzeko zerbait, beraien alaitasun amaigabea, hain zuzen ere. A zer nolako umorea duten gure aitona-amonek!!
Esperientzia ederra ari gara bizitzen, bai aitona-amonen bai beste ikastetxeetako ikasleekin, elkarren lagun bihurtu baikara. Zain egoten gara asteazkena noiz iritsiko, gure lagun hauekin elkartzeko. Badakizue, beraz, non aurkituko gaituzuen asteazkenetan. Goizeko 11etatik aurrera, Tolosan barrena ibiliko gara, aitona-amonen irribarrea lagun, denon bihotzak alaituz!!