Botako al diguzu esku bat Kongoren alde?

 

DBH 3ko ikasleak gara eta Gizarte arloan lantzen ari garen egitasmo baten berri eman nahi dizugu, eta bide batez zure laguntza eskatu proiektu honetan bidelagun izan zaitzagun.

ZERTAN DATZA?

mugikorrak kongo.jpgGizarte ikasgaian ongizate-gizartearen oinarriak aztertu ditugu eta munduan dauden desoreka, injustizia eta hainbat gatazken inguruan ere aritu gara. Enpatia eta solidaritatea ezinbesteko oinarriak dira maila bereko herritarrak izan gaitezen, duintasunez bizi gaitezen. Ezinbestekoa, baita ere, auzolana eta ekintzailetasuna mundu hobea lortzeko bidean. 

Ba al zenekien gure mugikorretan dauden hainbat mineral Kongoko meategietatik ateratakoak direla? Ba al zenekien Kongoko meategi horietan haurrak erabiltzen dituztela langile modura? Ba al zenekien mafiek kontrolatzen dituztela Kongoko meategiak? Ba al dakizu Kongo dela emakume jaiotzeko tokirik okerrena? Urrutiko arazoa izanagatik, gure kontsumo ohiturek gatazka areagotzen dute eta horretan eragin nahi dugu.

Alboan GKErekin batera Ikastolen elkarteak mugikorren bilketa kanpaina abian jarri du eta Laskorain ikastolako DBH 3ko ikasleok egitasmoarekin bat egin dugu. Mugikor horiek konpondu, berrerabiltzeko moduan jarri edota modu jasangarrian deuseztuko dira, eta sortutako dirua Kongon garatzen ari diren proiektu hezitzaileetan erabiliko da.

Guk kanpaina diseinatu eta abian jarri dugu, gatazkarik gabeko teknologia erabili nahi dugu eta hainbat ekintza burutzen ari gara egun hauetan: kartelak non-nahi, gelaz gelako mezuak, aurkezpenak, irratsaioak… eta mugikorren bilketa, noski.

NOLA LAGUN GAITZAKEZU? 

Oso erraza da! Bildu itzazu etxean edo inguruan dituzun mugikor zaharrak eta ekar itzazu ikastolara ekainaren 2an, ikastolaren egunean, eta horretarako prestatu ditugun kutxatan utzi. Dena dela, ikasturtea amaitu bitartean Usabalgo idazkaritzan kutxa izango duzu, eta DBH 3ko ikasgeletan ere bai.

ZURE ZAIN EGONGO GARA IKASTOLAREN EGUNEAN!