Kidetzeak HHn, LHn, DBHn eta BATXIn

 

Literatura-astea aitzakiatzat hartuta, etxeko txikienekin haur-literatura proiektua landu dugu eta hainbat ekintza burutu ditugu.

Horietako bat ikastolako adin ezberdinetako ikasleek elkarrekin kidetze-jarduera bat burutzea izan da. Horretarako, Bigarren Hezkuntzako ikasleak Sakramentinoetan eta Usabalen izan dira ipuinak etxeko txikienei kontatzen. 3 urteko taldeetatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitarteko ikasleek DBHko nahiz Batxilergoko ikasleen eskutik ipuinak entzuteko aukera paregabea izan dute.

Goiza oso interesgarria eta aberatsa izan zela baieztatzerakoan bat datoz partaide guztiak. Nagusienentzat oso polita izan zen beraienak izan ziren espazioetara itzultzea, eraldaketak zuzenean ikustea, txikiagoekin harremantzea, eta prestatutako lana ikastolako txikienei eta horien irakasleei erakustea. Aldi berean, entzule bezala egon ziren ikasleek ere asko eskertu zuten ohiko errutinetatik atera eta pertsona berrien ahoetatik ipuinak entzutea; dramatizazio eder bat egiteaz gain euskarri digital eta musikalak erabili baitituzte kontalari lanak egiteko.

Etorkizunean errepikatzeko ekintza aberasgarri bezain interesgarria izan da. Azken finean, elkarrengandik asko ikas dezakegula frogatzeko balio izan du!