Atzerrian ingeleseko eta frantseseko ikastaroak egiteko plazetarako deialdia
Urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko ditu Erresuma Batuan, Irlandan eta Frantzian ingelesa edo frantsesa ikasteko udako egonaldiak (deialdia hemen). DBH 3tik hasi eta Batx 2 bitarteko ikasle guztiek eska dezakezue beka hori. Hori bai, baldintza batzuk bete behar dira:
Alde batetik, aurreko ikasturtean 7,00 puntuko gutxieneko nota lortu izana eskatutako hizkuntzan edo hizkuntzetan (INGELESA, FRANTSESA EDO BIAK ESKA DAITEZKE), eta 16,00 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu izana aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.
Bestetik, eskatzen den plazari dagokion/dagozkion hizkuntza/hizkuntzak ikasten aritzea eskaera-dataren aurreko bi ikasturteetan (2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetan). Ingelesaren kasuan ez duzue arazorik izango, izan ere, DBH 1. mailatik aurrera ingelesa egiten duzue ikasturtero. Frantseseko ikasleek, aldiz, kontuan hartu behar duzue aurreko bi ikasturteetan frantsesa egin behar izan duzuela ikastetxean.
Eskaera internet bidez egin behar duzue. 18 urte badituzu, zuk zeuk egin beharko duzu eskaera. Adinez txikia bazara, aldiz, gurasoek edo legezko tutoreek egin behar dute eskaera zure izenean. Bi modu daude:
-
Ziurtagiri digitala erabiltzeko moduan baldin baduzue, eskaera egin eta zuzenean tramitatuko du sistemak, besterik gabe. (Ziurtagiri digital hauek balio dute: IZENPE txartela, NAN elektronikoa, ONA, CERES, BakQ eta Izenperen Itsasontzi-jokoa).
-
Ziurtagiri digitala ez baduzue, eskaera bukatutakoan sistemak emango dizun dokumentua inprimatu beharko duzu eta idazkaritzara eraman.
Informazio hori guztia eta gehiago ikasle guztien eskura jarri dute Ingeleseko eta Frantseseko irakasleek. Zalantzarik izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan.