Hezkuntza legearen inguruko hitzaldia
Ikasturte honetan zehar ikastolok, baita beste Hezkuntza eragileak ere, Hezkuntza akordioa lantzen/jorratzen ari gara. Gainera, azken egunetan mahi gainean dugu Eskola inklusiboaren aldeko herri ekimen legegilea. Zalantza barik gure hezkuntza sisteman eragin handia izango duten bi ekimen dira. Gai hauetaz EHIren Artezkaritza Kontseiluak bere jarrera azaldu du, eta, batzuetan, hedabideen bitartez ere gizarteratu egin du.
Hala ere, aipatutako abagune berezian egonik, talde gisa ekimen eta erabaki desberdinak antolatu, hartu eta plazaratu beharrean egon gaitezke, eta horrek aldez aurretiko talde mailako eztabaida irekia eta jarrera bateratua eskatzen ditu. Horretarako, eta aurreko urteetan izandako esperientzia positiboak kontuan hartuz, EHIren Artezkaritza Kontseiluak ezinbestekotzat jo du ikastolen ordezkariekin kontrastea egin eta elkarlana bideratzea, eta iragan Maiatzaren 14ko bileran horrela egitea erabaki du.
Bide honetan, beste batzuetan erabilitako metodologia bera erabili nahi dugu berriz ere, hots, eskualdeka ikastolekin bilerak egitea. Mezu hau aprobetxatu nahi dugu, halaber, eskualdekako bileretara ikastoletatik Errektore Kontseiluetako ahalik eta ordezkari gehienak bertaratzeko eskatzeko (baita zuzendaritzako kideak, langileak eta interesa izan dezaketen bazkideak ere) Ikastolen Elkartearen Artezkaritza Kontseiluaren nahia baita azterketa eta eztabaida sakon bat bultzatzea eta prozesuak ahalik eta parte-hartze handiena izatea, egoerak horrela eskatzen baitu (azken hezkuntza akordioa orain dela 26 urte onartu zen). EHIren aldetik, Artezkaritza Kontseiluko eta Zuzendaritza Taldeko kideek hartuko dute parte.
Tolosaldeko bilera Laskorain Ikastolan izango da, Usabalgo egoitzan, ekainaren 12an, asteartean, arratsaldeko 19:00etan.
Gonbidatuta zaude