Historia Batxilergoan
Historia munstro izugarria izan daiteke batzuetan; hainbat data, leku, gertakari, prozesu, etab. buruan sartu beharrak edonor zorabia lezake. Hala ere, gure Batxiler 1eko ikasleek ikuspuntu berri, entretenigarri eta dibertigarri bat eman diote Mundu Garaikidearen Historia ikasketari. Kazetari lanetan jardun dira, zinemagileak izan dira, komikiak eta blog-ak sortu dituzte, debateak egin dituzte, Lehen Mundu Gerrako soldaduak izan dira...
Historian zehar jazotako gertakari garrantzitsuenak barneratzeko proiektuen bidezko metodologia darabilgu. Hau da, ikasleei egoera bat planteatzen zaie, behar dituzten argibideak ematen zaizkie eta bete beharrekoak azaltzen zaizkie. Eta irakaslea? Irakaslea prozesu horretan guztian gidaria edo muleta besterik ez da. Ikasleei behar duten laguntza eskaintzen die, argibideak jarraitzen dituztela ziurtatzen da, ahalik eta proiekturik motibagarrienak sortzen saiatzen da… gure ikasleen autonomia eta sormena errespetatuz, betiere. Izan ere, autonomia eta sormena dira gure ikasgaiaren ardatzak. Ikasleek eurek antolatu behar dute euren denbora eta proiektuak ikasleen sormena suspertzeko eginak daude.
Ikasteko eta beharrezkoak diren edukiak barneratzeko beste bide bat ere badela sinesten dugu; dibertigarria, motibagarria, azalpenak jaso eta jaso besterik ez dena… Horren ondorio zuzena da Mundu Garaikidearen Historia ikasgaia.
Adibide gisa goian, gure Batxiler 1eko “soldaduek” lubakietan idatzi zituzten gutun batzuk.