Konpetentzietan oinarritutako elkartrukea
Belgika iparraldean dago Hasselt eta bertan eskola handi bat ”Humaniora Kindshed Jesu”. Hori bagenekien, duela bi urtetik hona herria ez da aldatu, ezta eskola ere. Orduan, zertan izan da elkartruke hau desberdina?
Laskorain ikastolako Batxilergo 1eko 24 gazte berri eta duela bi urteko 3 irakasle berberak, Inauterietako doinuak oraindik ezin astinduz eta EGA azterketaren atari frogaren urduritasuna buruan, gauez Aizpurua autobus berdean. Data aproposagorik? Gugan pentsatuz, seguraski bai. Bi herrialde, bi eskola handi, ebaluaketa eta opor data desberdinak kontuan hartuz, posiblea zen aukera bakarra.
Bidaia luzea eta bidean zehar lau urtaroak, Tolosatik ostiral gauean epel abiatu, Frantzian euria eta Hasselten larunbatean, hotz. Arratsaldeko bostak, autobus bete urduritasun eta kanpoan familiak zain. Harrera epel, goxo eta abegitsua, astean zehar euren familiak bihurtuko zirenen eskutik, gu lasai(duela bi urte bezala). Duela bi urte ez bezala, ordea, watxap taldea sortu genuen elkarren berri instantean izateko, beraz, dena prest!
Herria, eskola, irakasle arduradunak eta antolatzeko modua ezagutzen genuen, gazte taldea zen berria, ordea, EKI proiektuko lehen belaunaldia, alegia. Konpetentzietan hezi eta trebatuak, egoera berriei aurre egiteko prestatuak, horrek ekarri duen gora beherekin batera. Elkartrukea izan da konpetentzia azterketarik benetazkoena: pentsatu, ikasi, komunikatu, elkarrekin bizi, norbera izan, egin eta ekin etengabean eman dute astea, nor diren erakutsi diete euren trukakide eta familiei eta haiengandik gauza bera jaso dute. Euskara, euskal kultura eta Tolosarekiko jakinmina zabaldu dute Flandriako familien artean, ingelera erabiliz, norbera izate horretan, desberdin direnekin ere bizitzea posible dela frogatu dute, egin eta ekinez, mugen lerro imaginarioak behin eta berriz gaindituz eta ikaste horrekin gozatuz.
Brusela eta Lovaina hiriak ezagutu, flandiarren hizkuntzan murgildu, kantak eta dantzak ikasi, waffleak egin, malabarrekin esperimentatu eta beste zenbait jarduera trukakideen alboan aurrera eramatea azterketa papera balira, ez legoke zuzentzekorik egongo eta horrez gain, askoz ere garrantzitsuagoa den jarrerari bikain jarri beharko genioke, gure gazteak dotore aritu baitira, bere artean, trukakide nahiz familiekin.
Irudietan trukea islatu beharko bagenu, azken minutuko agurra guztiz izan zen esanguratsu eta hunkigarria: autobusa abiatzeko zain, gazteak batzuk barruan, besteak kanpoan, guraso eta irakasle flandiarrak musuak airera botaz autobusaren aurrean, malkoak kanpoan nahiz barruan… autobusa martxan… zenbait trukakide korrika autobusari jarraika!
Adiorik ez, apirila arte!