Labunbusa martxan
Ikasturte berezia izan zen iazkoa Laskorain Ikastolarako Sakramentinoetako eraikina goitik behera bota eta berritzen aritu zirelako. Hori dela eta ikasle guztiak ber-kolokatu behar izan ziren eta familiak egoera berrira egokitu. Ohitura berriak sortu ziren, lagun-busa izenekoa adibide. Langileen artean, gurasoren batekin, dohainik, arduratu ginen egunero 4 joan-etorriak egiteaz, txandaka. Zerbitzu ona eskaintzeaz gain, balorazioa egiterakoan aintzat hartu zen adin ezberdinetako ikasleak elkarrekin joatea, beste harreman batzuk ere sortu zirelako.
Irailean hasi ginen Sakramentino egoitza berrituan. Urrunago dauden auzoetaraino autobus zerbitzua iristen da, baina erdigunetik lasai asko oinez etor daitezkeela uste dugu eta Artezkaritza Kontseiluko guraso batek planteatu zuen lagun-busa antolatzearena. Deialdia familia guztiei egin zaie eta oraingoz 18 dira interesatu direnak. Formularioa ireki eta segituan bete zen egutegia, izena emateaz gain zein ordutegitan egitea komeni zitzaien argituz. Eguneko lau joan-etorri dira bider bost egun, esan nahi du 20 buelta/asteko. Guraso bakoitzak, gehienik jota, bitaz arduratu behar du, eta ez 20az. Erraza izan da egutegia eta ordutegia antolatzea, gurasoen artean watxapa taldea sortu baitute eta autonomoki ari baitira funtzionatzen. Buelta bakoitzeko pertsona bat dago izendatuta.
Datorren urteari begira HH4 eta 5era zerbitzua luzatzea ari dira pentsatzen, izan ere ibilbidea laua da, segurua, karretera bakarra da gurutzatzeko. 20 minutuko distantzia dago erdialdetik ikastolaraino. Lagun-busarekin erosoa da!