Artxipielagoa ikuskizuna

Laskorain ikastolako abesbatzak, ARTXIPIELAGOA ikuskizunean parte hartuko du urriaren 6an, 20:30ean Leidorren, ikusleen harrera girotuz.

Narrazio, abesti, bertsolaritza, musika eta bideo-proiekzio uztarketa da ARTXIPIELAGOA. Uhartez uharte osatutako emanaldia. Andoni Egañaren irlei eta kulturari buruzko gogoetek gidatuko dute saioa, musika jarriko dute Ainhoa Garmendia sopranoak, Gari Mendizabal txistulariak, Pello Ramirez txelo eta soinu jotzaileak eta German Ormazabal piano jotzaileak. Gainera, Belen Ibarrolaren irudiek osatuko dute saioa. Maiz ibili dira elkarren inguruan sortzaile hauek guztiak, baina lehen aldiz izango dira guztiak batera oholtzan. Bakoitza beretik, eta, halere batera. Uharte, eta, aldi berean, artxipielago.

Atzoko eta gaurko euskal abesti klasiko eta modernoak uztartuko dituzte saioan, eta ikuslegoaren parte hartzearekin batera, aretoa ‘herri-abesbatza’ moduko bat bilakatzea da helburua. Ukitu klasikoa izango du egitarauaren lehen atalak, Jose Maria Iparragirre, Gabriel de Olaizola, Jesus Guridi eta beste hainbat euskal klasikoren musikarekin. Bigarren atalean, berriz, abesti berriagoak joko dituzte: Laboa, Lete, Lertxundi, Ken Zazpi, Itoiz… Izan ere, euskal kantutegia zabaltzen laguntzea eta abesteko zaletasuna sustatzea da emanaldiaren asmoa.

Ordu eta erdi inguru iraungo du emanaldiak, etenik gabe.

Ainhoa Garmendia -  sopranoa

Andoni Egaña -  bertsolaria

Pello Ramírez -  txeloa eta eskusoinua

Garikoitz Mendizabal - txistuak 

Germán Ormazábal - pianoa

Belen Ibarrola - irudiak eta bideoak