Ikastola festa, egun mundiala!
Urtero moduan, jai giro ederrean igaro genuen Ikastolako festa eguna. Ekintza ugari eta jendetsuak izan ziren egun guztian zehar.
Hasteko, bizikleta martxarekin eman zitzaion hasiera egunari. Eguraldia lagun, asko izan ziren bizikletaz ikastolara gerturatu ziren guraso eta haurrak. Euren etorrerarekin batera, gurasoek egindako patata tortila goxoak dastatzeko aukera izan zen. Ondoren, Lehen Hezkuntzako haurrentzat jolas ezberdinak eskaini ziren Usabalgo patioan barrena. Eguerdiko 12:00etan puntu puntuan hasi zen Haur Hezkuntzakoen jaialdia. Emanaldi alai bezain koloretsua gure txikiek eskainitakoa. Sorginek, Gorritik, tximeletek eta dantzariek, txalo zaparrada ugari jaso zituzten ikusle guztien partetik. Jaialdiaren ostean, zirkoko tailerrera joaten diren ikasleek erakustaldi polit bat aurkeztu zuten. Era berean, antzerki tailerrekoek arteto nagusian eskaini zuten euren emanaldia eta Batxilergoko ganbaran, ikastolako abesbatzako ahots ederretaz gozatzeko aukera izan zen.
Ezin ahaztu, hori guztia Usabalgo txoko ezberdinetan gauzatzen zen bitartean, guraso talde handi bat sukaldari lanetan jardun zela. 1.300 lagunentzako paella goxoa prestatu zuten. Zerbitzari lanetan, berriz, fin fin, DBHko ikasleak. Kazkabarrakoek ere jolasak prestatu zituzten haurrentzat, Potxin eta Patxin pailazoek ere algara ugari eragin zizkien gure txikiei eta segidan, gurasoen txanda izan zen. Aurtengoan, ordea, guraso eta seme-alabena. Denak elkarrekin aritu baitziren jolasetan. Festari amaiera emateaz DJ Bull arduratu zen. Eguan borobiltzeko, beraz, dantza eta kantu martxosoak izan ziren entzungai.
Beste behin ere, eskerrik beroenak ikastolako festa mundial hau posible egin duzuon guztioi. Ederra da Laskorain Ikastola osoatzen dugun guztion artean, festa giroan, eguna pasatzea!