Esperimentazio saioak
Ikasturtea amaitzear dago eta honekin batera, esperimentazio saioak ere. Baina, ba al dakizue zer egin dugun? Batzuek saioaren hasiera ikusteko aukera izan duzue, beste batzuek berriz, materialak prestatzen ikusi gaituzue eta beste askok zuen haurren ahotatik izan duzue honen berri. Gaurkoan, proiektu berri honen inguruan hitz egin nahi dizuegu gure ikuspuntutik eta baita haurrarenetik ere.
Hasteko, eguraldiari erreparatu eta honen arabera zein espazio erabiliko dugun erabaki ondoren, adinaren arabera material egokiak aukeratu eta lurrean zehar ipintzen ditugu ahalik eta erakargarrien. Haur batzuk, gelako leihoetatik begira egoten dira jolasera noiz aterako diren irrikitan. Behin dena prest dugula, geletara abiatzen gara. Aneeee!!! Carlaaaa!!! Energiaz beterik topatzen ditugu, saioarekin hasteko prest. Ez dugu gehiago itxaroten, denbora guztia oparitu nahi baitiegu jolasarekin goza dezaten. Bagoaz aukeratutako espaziora.
“Alaaaa!! Zenbat gauza dauden patioan zehar! Eta a zer nolako dorre handiak! Esertzeko esan digute, baina adi! Ane eta Carlak 1, 2 eta 3 esan dute; banoa korrika!
Begira, han egurrak daude. Hasieran ez nekizkien dorre altuak egiten, baina pixkanaka lortzen ari naiz. Hala ere, sekulako zezen-plazak eta ikuiluak ere egiten ditut. Beste batzuetan, patio atzean dagoen txalupan sartzen ditugu materialak eta kartoizko hodiak ezpata moduan erabiliz, gure altxorra defendatzen dugu piratak bezala. Fruta kutxekin autoak egin eta Donostiaraino joaten gara, edota etxeak eraikitzen ditugu. Antzezlanak ere egiten ditugu gure eszenatokian, baita pastelak eta bizkotxoak ere eta horretarako patioko harritxo txikiak erabiltzen ditugu”.
Aurreikusita genuen bezala, ikasturtean zehar ikusi dugu, haurrei material zehaztugabeak eskainiz eta horiek manipulatzeko aukera izanez gero, izugarrizko irudimena dutela eta saioz saio gehiago garatuz joan direla. Esaterako, guk kartoizko kutxetan kartoia besterik ikusten ez dugun bitartean, beraiek buruhandiak, txalupak, etxeak eta beste hainbat gauza sortzen dituzte. Tela zatiekin, berriz, superheroi, printzesa edota pirata bihurtzen dira. Eta horrela beste material guztiekin ere, argazkietan ikusi dezakezuen bezala.
Esperimentazioaren oinarrietako bat manipulazioa da eta horretarako beraien ingurunea esploratzeko askatasuna izan dute: putzuetan eskuak sartuz, buztina landuz, eskuekin margotuz, lurreko harriekin jolastuz eta abar. Goitik behera zikindu dira haurrak, baina beren aurpegian irribarre zabala ikusteagatik bakarrik pena merezi izan duela deritzogu.
Baina, askatasun horretan ere arau batzuk ezinbestekoak dira eta saioaren hasieran gogorarazten ditugu elkarrekin: minik ez ematea, lagunei gauzak ez kentzea eta beraien eraikuntzak ez apurtzea; hau da, lagunekiko errespetua hain zuzen ere. Lagunak altxorrak dira eta zaindu egin behar ditugu.
Eguraldia lagun izan dugunean Zabalarretako parkeaz baliatu gara, izan ere, haurrak behar duen guztia eskaintzen du: mugimendurako espazio zabala, gune lasaiak, ezkutalekuak, aldapak, zuhaitzak, hostoak, loreak, harriak, ura, lur mota ezberdinak... Bertan, baso erraldoi batean sentitzen dira zuhaitzetatik tximuak bezala igoz, zelaitik korrika ibiliz, lore eta hostoak bilduz eta pultserak eginez, makilekin jolastuz edota kutxa eta sokekin arrastan ibiliz.
“Jasotzeko ordua dela esan digute. Azkar-azkar pasa da denbora! Mamua izateko erabili dudan izara gainetik kendu eta bere lekuan jasoko dut. Berriz ere esperimentazio saioa izateko irrikaz nago!”
Eta guk ere pozez amaitzen ditugu saioak, haurrek pentsatzen duten hori sentitzeko eta gorputzaren bidez adierazteko aukera izan dutelako. Izugarri gozatu dugu saioetan egiten duten guztiaren parte izaten, eta beren sormenak mugarik ez duela erakutsi digute.
Ama, aita, izeba, osaba, aitona, amona eta Ikastolako komunitate guztiari eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen parte hartzeagatik eta proiektuarengan sinesteagatik. Zuen materiala oso erabilgarria izan zaigu eta garrantzitsuena, zuen seme alabek izugarri gozatu dute horiekin.
Mila esker.
Ainhoa, Ane eta Carla.