Batxilergoko matrikulazio kanpaina

Gainean da 2017-2018 ikasturtean Batxilerra egin nahi duten ikasleek izen-ematea egiteko epea. Usabalgo idazkaritzan, maiatzaren 2tik 12ra bitartean, izango da aukera hori, goizeko 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Dagoeneko hasiak gara inguruko ikastoletan gure eskaintzaren berri ematen. Gainera, Ate Irekietara etortzeko aukera ere izan dezake hala nahi duenak. Maiatzaren 3an, arratsaldeko 17:00etan Usabalgo areto nagusian aurkeztuko dugu Batxilerreko Hezkuntza Proiektua.

Datorren ikasturterako, Laskorain Ikastolak egiten duen eskaintzan azpimarragarriak dira hiru alde: batetik, hizkuntzen irakaskuntza indartzeko egiten duen esku-hartzea; bestetik, berrikuntza pedagogikoei dagokienez, zenbait arlotan proiektuetan aritzeko egiten duen ahalegina eta tutoretza-orientazioan egin indartzea.

Ikastolan irakasten diren lau hizkuntzetatik, hirutan ekimen eta lan-ildo indartuak baliatzen dira hirutan: Ingelesean, Frantsesean eta Euskaran. Horrela, Batxilerreko gure ikasleei, Ingelesa curriculumak ezarritako mailan lantzeko aukera ez ezik, ikasleak berez dakarren mailan aritzekoa ere ematen zaio. Ondorioz, ikasleak bi maila  desberdinetan aritzen dira: batzuk USEren irteera profilak markatutakoan (B1-B2ren artekoan) eta besteak C1 edo Advance mailan. Horretaz gainera, Erasmus + Europako proiektuan murgilduta gaude 1. mailan eta beste bi herrialderekin batera partekatzen dugun geuk lideratutako ekimenak ikasle guztien ingelesez komunikatzeko gaitasuna eta motibazioa areagotzen laguntzen du. Irteeran parte hartzen duten ikasleei, berriz, kasuan (aurten 24 ikasle joan dira Sardiniara, iaz beste horrenbeste joan ziren Flandriara), beste herrialde batzuetako ikasleak eta kultura ezagutzeko parada  ematen die (ikus xehetasun gehiago eta ebidentziak www.laskorainikastola.eus web orrian).

Frantsesari dagokionez, bestalde, aukera bikoitza eskaintzen da: betetik, DBHn hizkuntza hau ikasten aritu direnek badute jarraitzeko aukera eta ikastolako ibilbidea hizkuntza horretan komunikatzeko maila polit batekin amaitzekoa eta, bestetik, hastapeneko mailatik hastekoa. Izan ere, goi mailako ikasketetan gero eta preziatuagoa baita atzerriko bigarren hizkuntza bat ezagutzea.

Euskal Hizkuntza eta Literatura arloari dagokionez, azkenik, gure helburua da ikasleak EGA agiria edo HABEren 3. maila titulua eskuratuta bukatzea ikastolako ibilbidea. Horretarako, EHIrekin elkarlanean, lehen mailan, kanpo azterketa horiek gainditu ahal izateko prestakuntza jasotzen dute gure ikasleek. Egiteko horretan, Ikastolen Elkartearen Leizaur euskaltegiak duen moodle plataforma izan ohi da bitarteko nagusia.

Bestalde, azpimarratzekoa da askotariko proiektuen bidez arloak garatzeko egiten den ahalegina. Berritzaileenen artean ditugu Teknologia eta Ekonomia arloak (ikus web gunea). Beste arlo batzuetan ere, gutxi-gehiago, ikasleak lan praktikoak gauzatzen ditu, beti ere, egokiera den neurrian, eduki teorikoen aplikazio praktikoari keinu bat eginaz: Historia eta Euskara arloak uztartuta,  Nire familiaren hizkuntza biografia; Literatura Unibertsala eta IKTak uztartuta ikerketa lanak, Irakurzaletasuna HHtik Batxilerrera; Euskara arloa eta IKTak uztartuta, Laskoraingo ikasleen profil soziolinguistikoa, Antropologia eta Historia arloak uztartuta, Izan ginelako gara; ...

Azkenik, tutoretza eta orientazioan sakontzeko  egin dugun ahalegina azpimarratu nahi genuke. Ataka zailean aurkitu ohi dira gure ikasleak bigarren maila amaitzean, gero zer egingo duten erabakitzeko garaian, noraezean ikusten dute euren burua. Aurten, orientazioan lehendik egiten genuen ahaleginean, oso balorazio positiboa jaso duten bi urrats garrantzizko eman ditugu. Lehenik, azaroan, mahai inguru bat osatu genuen ikasle ohiekin; bertan bakoitzak hartu zuen erabakia hartzera zerk eraman zuen eta ondotik izandako lan esperientzia(k) azaldu z(itu)en. Askotariko ikasketa eta lanbideri buruzko informazioa jasotzeko aukera izan zuten bi mailetako ikasleek. Ondotik, otsailean eta, soilik, bigarren mailako ikasleei bideratuta, goiz oso bat hartu genuen ikasle ohiek beren ikasketa esperientziaren berri eman zezaten. Denera, 35 ikasle ohi inguru bertaratu zitzaizkigun beste horrenbeste ikasketari buruzko berri ematera. Balorazio aparta egin zuten gure ikasleek. 

Gure Hezkuntza Proiektuaren arrakastaren gakoa zuzendaritzak eta irakasleek eten gabeko berrikuntzan egiten duten ahaleginean eta euren lanarekiko duten konpromisoan datzala pentzatzen dugunez, datorren ikasturteari begira ere jarrita gaude jada. Guztion buruan dago arrakastatsua suertatu denari eustea eta gaizki eginetatik ikasiz, beharrezko diren egokitzapenak gauzatzea.