Korrikaren arrastoa
Pasa den ostiralean, Korrika Txikiarekin motorrak berotzen hasi ginen ikastolan. Triangulon eman zitzaion hasiera Tolosako beste bi ikastetxeekin batera eta ondoren, gure ikasleak Usabal aldera gerturatzen hasi ziren tipi-tapa, tipi-tapa korrika. Ondoren, ikastolako patioan, Anaje Agirrek irakurritako mezuarekin amaiera eman zitzaion euskararen aldeko festari. Korika Txikian, LH ko ikasleek ez ezik, HH 4 eta 5ekoek ere parte hartu zuten. Berazubi inguruan bat egin zuten Korrika Txikiarekin eta hauek ere korrika saio polita egin zuten. Txiki txikienek, berriz, beraien festa egin zuten ikastolako patioan.
Apirilaren 4a, berriz, Korrika iritsi zen Tolosako kaleetara. Ikastolaren kilometroa suhiltzaileen eraikinaren ondoan hasten zen eta jende ugari inguratu zen bertara. Emozioa, urduritasuna, poztasuna, irrika… sentsazio ugari sumatzen ziren bertan bildu ziren euskaltzale guztien artean. Lekukoa, Laskorain Ikastolan ikasketak amaitu zituzten lehen belaunaldiko lau lagunek eraman zuten. Haur, heldu eta gazte, guztiek bat egin zuten gure hizkuntza den euskararen alde.