Luxuzko gonbidatuak ikastolan
Aste honetan bukatu dugu euskaraz bizitzeari indarra emateko asmoz egin dugun Euskaraz Biziko neguko kanpaina. Ondo amaitu ere! Euskaraz Bizi eta lan egiten duten pertsona ospetsuen bisita izan dugu ikastolan. Gauzak horrela, LH 1 eta 2ko neska-mutilek, Pirritxekin egoteko aukera izan dute; LH3 eta 4koek Jokin Altuna pilotariarekin; eta, azkenik, LH5 eta 6koek, berriz, Julen Telleria irrati eta telebista aurkezlearekin.
Pirritx, koloretako maleta esku artean hartuta gelaz gela ibili da euskarak biltzen dituen elementu guztiak maletatik ateraz. Ondoren, berarekin batera abestu eta dantzatzeko aukera izan dute gure neska-mutilek. Berezia izan da txikienentzat Pirritx horren gertu sentitzea. LH3 eta 4.mailako ikasleek, berriz, Jokin Altuna pilotaria ezagutzeko aukera izan dute. Aretoan denak elkarrekin bildu dira eta aurrez gelan prestatutako hainbat galdera egin dizkiete ikasleek kirolariari. Lehen Hezkuntzako helduenak, berriz, Julen Telleria irrati eta telebista aurkezlearekin elkartu dira. Hauek, hainbat galdera egin dizkiete Juleni bere lanbidea, ikastolako ibilbidea edota euskararekiko duen loturaren ingurukoak.
Gure eskerrik beroenak, euskaraz bizi diren Pirritx, Jokin Altuna eta Julen Telleriari, euren alaitasuna eta bizipenak gurekin partekatzeagatik.