Interesgarriak bezain jendetsuak aste honetako bi hitzaldiak
Aste honetan Laskorain Ikastolak antolatutako bi hitzaldi gauzatu dira Topic-en. Bata, KiVa programaren ingurukoa eta bestea, berriz, Konfiantzaren Pedagogia: irakaskuntza eta ikaskuntzari buruzkoa. Gai interesgarriak eta gaurkotasunezkoak jorratu ziren bi hitzaldietan. Bertaratutakoak ere asko izan ziren.
Lehenengo saioan, Kepa Goikoetxeak (zuzendaria), Beatriz Eceizak, (Lehen Hezkuntzako zuzendari orde eta Orientazio burua), Alazne Etxeberriak ( ikastolan KiVa programaren arduraduna) eta Belen Baztarrikak (Ikastolen Elkarteko Lehen Hezkuntzako arduraduna) hartu zuten hitza. Kepa Goikoetxeak hizlariak aurkeztu ostean, Belen Baztarrikak KiVa programaren nondik norako orokorrak aipatu zituen. Era berean, baita Ikastolen Elkarteak programa honekin bat egitearen arrazoiak eta prozesua ere. Ondoren, Beatriz Eceizak, programaren ardatz nagusiak azpimarratu zituen. Helburua, alegia, jazarpena gutxitzea azaldu zuen. Bullyig kasu batek bete beharreko hiru baldintza ere aipatu zituen; denboran luzatzen dena, intentzionalitatezkoa eta botere desorekan gauzatzen dena. Jazarpen motak, ikastolako KiVa taldea eta komunitate osoaren inplikazioa bezalako ideiak ere mahai gainean izan ziren. Amaitzeko, Alazne Etxeberriak maila ezberdinetako hainbat material azaldu zituen. Jarduera errealak ikusiteko aukera eskaini zuen eta beran, materialaren programazioaz ere jardun zen.
Bigarren saioan, Javier Bahon (berrikuntza pedagogikoan aditua) izan zen hizlari. Beatriz Eceizak aurkezpenak egin ostean, XX.mendeko hezkuntza paradigmaz mintzatzen hasi zen Bahon. Ondoren, XXI.mendeko hezkuntzan edukietatik konpententzietara egiten ari den jauziaren garrantzia azpimarratu zuen. Alegia, edukiak aitzakiatzat hartuta konpetentziak garatzearen ideiaz jardun zen. Beti ere, umorea ardatz bere hasierako diskurtsoan behintzat. Neurozientzia, adimen emozionala, pertsona erdigunean jartzearen garrantzia, aniztasuna, dibertsitatetatik norbera den horretan haztea, konfiantza ardatz izatea… Irakaskuntza ikaskuntza prozesuan bete betean eragiten duten ideia guzti horiek plazaratu zituen Topic-en.
Mila esker bertaratu zineten guztioi!