Euskal Herriko aniztasun soziolinguistikoa ezagutzeko irteera, BATX.2
Euskal Hizkuntza eta Literatura arloan 2. Batxilerreko ikasleekin egin ohi den irteera astearte honetan gauzatu zen. Lau herri desberdin aukeratu genituen Euskal Herriko aniztasun soziolinguistikoa eta hizkera aberastasuna ezagutzeko helburuarekin: Durango, Azpeitia eta Zumaia, Baiona eta Maule.
Taldeka, lau lagunen artean, garatuko duten proiektua osatzeko, euskararen ezagutza eta erabilera indizeak ezagutzearekin batera, herri bakoitzean elkarrizketatu zituzten lagunengandik euskararen galtze eta berreskuratze prozesua nola bizi den jaso zuten. Era horretara, gelan soziolinguistikaz landutakoa errealitatean zertan gauzatzen den ezagutzeko aukera izan dute. Izan ere, gure gazteek bizi duten errealitatetik irudikatzen dute Euskal Herria, eta jakin badakigu euskararen arnas-gune batean bizi garela eta gure ikastolako euskararen ezagutza eta erabilera ez direla non-nahi topatzen.
Horretaz gainera, ikastolan egin duten ibilbidearen azken atakan dauden honetan, arlo honen irakaskuntza egiten dugu urrats bat haruntzago: curriculumean txertatuta daukagun helburua da gure ikasleak kontziente egitea euskara batua bezain erabilgarri eta beharrezko ditugula, gauzatzen dugun ekintza komunikatiboaren arabera, tokian tokiko hizkerak ere. Finean, horiek neurri bateako ezagutzak ekarpen aberatsa egiten diola gure hizkuntza kontentziari.
Irteera hau, honela bada, euskaldun eleanitzak hezteko bidean, balio handiko izan ohi da, besteak beste, herri bakoitzean jaso duenari buruzko jakitun bihurtzen delako ikaslea eta, ondotik, taldean, beste hirurekin alderaketak eginda, euren begietan euskarak zer nolako bizi-indarra duen ondorioztatu beharko dutelako. Hortaz, bizipenetik ateratako ondorioak izango dira. Zer hoberik euskal hiztun oso eta kontziente izateko bidean!