Esperimentazio saioak Haur Hezkuntzan

Esperimentazioa, Haur Hezkuntzan abian jarri den proiektu berria da eta 3 urtetik 6 urtera bitarteko haurrek parte hartzen dute. 4 eta 5 urtekoek astean behin izaten dute esperimentazioa eta ordu eta erdiko iraupena du saio bakoitzak. 3 urtekoek, aldiz, ordu eta erdiko saio horretaz gain, bi orduko beste saio bat ere izaten dute, hortaz, astean bi egunetan izaten dute esperimentazioa. Saio hauetan, haurrek material anitzak manipulatuz esperimentatzeko aukera daukate eta proiektu honek duen helburu nagusiena ikasleak gustura eta pozik sentitzea da. 

Haurra bere hizkuntza guztietan ulertu nahi da, hau da, adierazteko dituen hizkuntza guztiak garatu nahi dira. Beraz, saio hauen bitartez gure neska-mutilen sormena, hitzezko komunikazioa, hitzik gabe komunikazioa eta mugimendua ere landu nahi dira.

Metodologia

Haurrek beren ingurua ezagutuko dute, eta gorputza, objektu eta espazioaren arteko erlazioa landuko dute. Horretarako, ezinbestekoa izango da espazioak ondo egokitzea eta material aproposak era erakargarrian eskaintzea; haurrari ikertzen, harremanak izaten eta garatzen lagunduko dion espazioa, alegia. Ikasleak txoko ezberdinak arakatuz, sormena landuz, elkarbanatuz... beraien errealitatea sortzen joango dira eurak dituzten ideia eta irudiekin. Hau da, haurrei egiten utzi, beren sormenetik abiatuta. Beraz, “azken ekoizpenak” ez dira garrantzitsuenak izango eta saioak ez dira gidatuak izango. Haur bakoitzak izango duen prozesu eta prozesu horren garapena izango da garrantzitsuena.