Amaia Anterorekin hizketan

"KONFIANTZAREN PEDAGOGIAREN BEGIRADAK, PERTSONA, BETETA IKUSTEN DU"

Asteazkenean, Amaia Antero, Arrasaten dagoen Arizmendi Ikastolako Berrikuntza Pedagogikoko zuzendaria izan zen Laskorain Ikastolan Konfiantzaren Pedagogiaren inguruko hitzaldia eskaintzen. Amaia, azken urte hauetan, pedagogia berri honen ikerketan, formazioan eta materialgintzan murgildurik dabil. Gurean eskaini zuen hitzaldira, guraso ugari eta hezkuntza arloko profesionalak ere bertaratu ziren. Ekarpen interesgarri ugari egin zituen Amaia Anterok eta hitzaldiaren ostean, berarekin hitz egiteko aukera izan genuen Konfiantzaren Pedagogiaren nondik norakoen berri izateko.

Noiz sortu zitzaizuen aldaketa pedagogiko baten beharra?

Orain dela zazpi urte, “proiektu berria” bezala izendatu genuen hura abian jarri genuenean, gure helburua ez zen zuzenean eraldaketa pedagogiko bat egitea. Gure helburua eta motibazioa ondorengo hauxe zen; nola lagundu txikitatik pertsona kooperatiboak garatzen. Ondoren, gure xede horrek aldaketa pedagogiko bat eskatu zuen bai metodologiari dagokionez eta baita planteamendu arkitektonikoei dagokionez. Jakina, gure helburu hori betetzeko pertsonarengan zentratu behar genuen, bere beharrak identifikatu eta ikusi zeri erantzun behar zaion ezinbestean gero pertsona hori kooperatiboa izan zedin.

Nondik dator Konfiatzaren Pedagogia? Zein da jatorria?

Eredu hau bere honetan ez dago beste inon. Baina era berean, argi dago guk planteatzen dugun guztia asmatuta dagoela. Non dago gure ekarpena? Momentu honetan guretzat klabeak diren hainbat ideia josi egin ditugu marko batean. Pertsonaren garapenerako behar dena, testuinguruari dagokionez zaindu behar duguna eta ikas-irakaskuntzan kontutan hartu behar dena bildu ditugu guk eraikitako marko batean. Hor dago gure ekarpena.

Konfiantzaren Pedagogiak zer du bere oinarrian?

Pertsona ikusteko eta ulertzeko modua, hori dago Konfiantzaren Pedagogiaren oinarrian. Pedagogia honen begiradak, pertsona beteta ikusten du. Gaitasunez, beharraz, zailtasunez eta ametsez beteta ikusten du. Pertsona horrek bere baitan dauka behar duen guztia zoriontsu izateko eta bere burua garatzeko. Pertsona modu horretara begiratzeak dena aldatzen du. Konfiantzazko begirada bat da pertsona horrekiko. Pertsona horri ispilu hori jartzen diozunean, bere burua ere horrela eraikitzen du, konfiantzaz. Bere buruarengan, besteengan eta inguruan segurtasuna izanik joango da gaitasunak garatzen.

Zein aldaketa dakartza Konfiantzaren Pedagogiak orain arteko pedagogiarekin alderatuta?

Aldaketak hiru eremutan dakartza. Alegia, pertsonaren garapenerako baldintzetan, testuinguruaren baldintzetan eta baita irakas-ikasteko baldintzetan ere. Baina zenbait abibide konkretuago ematearren, haur bakoitzaren erritmo biologikoak kontutan hartzen dira, esaterako. Ordutegiak ere beste era batera antolatzea eskatzen du. Ez materialka; agian, proiektuka eta modu interdisziplinarrean. Era honetan, ez dago irakasle bat, gela batentzako, ordu beteko saio baterako. Planteamendua ezberdina da. Komunikatzeko moduaren kontzientzia hori ere oso presente dago pedagogia honetan. Gauzak esan eta adierazteko modua, alegia. Ebaluazioa, materiala, metodologia, taldekatzeak… aspektu askotan dakartza, beraz, aldaketak Konfiantzaren Pedagogiak.

Zeintzuk dira ikasle, guraso eta irakasleen sentsazioak pedagogia berritzaile honekiko?

Lehenik eta behin, esan beharra dago, Konfiantzaren Pedagogia ez dagoela berdin garatuta etapa guztietan. Haur Hezkuntzan daukagu garatuen, Lehen Hezkuntzan lanean ari gara eta Bigarren Hezkuntzan, hasita gaude baina bidea daukagu egiteko. Beraz, sentsazio eta balorazioei dagokienez, Haur Hezkuntzari buruz hitz egin dezakegu bereziki. 
Etapa honetan esan dezakegu, gurasoak oso oso pozik daudela beren seme-alabak ere ikaragarri pozik joaten direlako ikastolara. Ikasleak gauza interesgarriak egiten ari direla iruditzen zaie, dinamika eta metodoarekin ere gustura daude, eurak ere parte sentitzen baitira, beraientzako txoko bat ere badute Haur Hezkuntzako eremu guztietan. Era berean, orain Arizmendi Ikastolan lanean diharduten irakasleak ere oso gustura daude aldaketarekin. Egindako inkesta batean jasotako datuen arabera, bat bera ere ez litzateke eredu zaharrera itzuliko. Horrek, beraz, zerbait adierazten du.