Matematika lehiaketan saridun
Bi ikasle saritu dituzte Udaberriko Matematika Lehiaketan
EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateak eta Leioako Askartza-Claret ikastetxeak lehen aldiz Euskadin antolatu duten Udaberriko Matematika Lehiaketan Laskorain Ikastolako bi ikasle saritu dituzte: LH 6. mailako Mikel Elola Etxetxipia eta Haimar Vitoria Odriozola.
Madrilen Universidad Complutensek antolatzen duen Udaberriko Matematika Lehiaketak XIX. edizioa du aurten eta lehiaketa horrekin harremanetan jarrita, aurten lehen aldiz antolatu dute Euskal Autonomi Erkidegoan EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateak eta Leioako Askartza-Claret ikastetxeak. Lehiaketa honen helburu nagusia matematikekin ondo pasa daitekeela adieraztea da. Lau mailatan dago banatuta: LH 5-6, DBH 1-2, DBH 3-4 eta Batxilergoa. Guztira 28 ikastetxek hartu dute parte. Lehen fasea ikastetxeetan burutu zen. Laskorain Ikastolan otsailaren 25ean izan zen, parte hartu nahi izan zuten LHko 6. mailako ikasleen artean.
Ondoren, 2. fasea egin zen Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean apirilaren 18an. Guztira 28 ikastetxetako 280 ikaslek parte hartu zuten 2. fasean, horien artean Laskorain Ikastolako LH 6. mailako bederatzi ikaslek. Maila bakoitzean 10 ikasle onenak saritu dituzte eta horien artean LH 5-6. Mailan Laskoraineko aipatutako bi ikasleak.
Joan zen ostiralean, maiatzaren 8an, sari banaketa ekitaldia izan zen Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko paraninfoan. Bertan Esther Dominguez fakultateko dekanoak matematikaren garrantziari buruzko hitzaldia eskaini eta zorionak eman zizkien irabazleei, bere irakasleei eta familiei. Fakultatearen informazio zabala ematen zuen bideo bat ikus ahal izan zuten bildutako ikasle, guraso, irakasle eta ikastetxeetako ordezkariek. Ondoren Pedro Alegria irakasleak matematika ariketa entretenigarri batzuk azaldu zituen eta bukatzeko, sari banaketa izan zen. Orduan jakin zen Mikel Elolak 3. saria eta Haimar Vitoriak 8. saria lortu zutela. Sariak irakurketa eta matematika liburuak izan ziren eta 2. fasean parte hartu zuten guztientzat, diploma.