Laskotruk

Gabonak gerturatzen ari dira, eta badakigu etxe askotan baserritar jantziak prestatzen hasteko garaia dela. Haurrei txiki geratu zaizkien arropak, jada erabiltzen ez diren jantziak edo armairuan gordeta daudenak… Ziur etxe askotan badagoela beste norbaitek aprobetxa dezakeen zerbait!

Zergatik ez eman jantzi horiei beste aukera bat?

Laskotruk ekimenaren bidez familien arteko elkarlana sustatu, berrerabilpena bultzatu eta alferrikako erosketak saihestu nahi ditugu. Izan ere, etxe batean erabiltzen ez dena oso baliagarria izan daiteke beste batean.

NOLA HAR DEZAKEZUE PARTE?

Hiru aukera dituzue:

1. MAILEGUAN UTZI

Etxean erabiltzen ez dituzuen baserritar jantziak beste familia bati utzi nahi dizkiozue, baina gero berreskuratu nahi dituzue, balio sentimentala dutelako edo etorkizunean berriro erabiltzeko asmoa duzuelako.

Horretarako, bete honako galdetegia.

2. DOHAINTZAN EMAN

Jada behar ez dituzuen baserritar jantziak ikastolari behin betiko eman nahi dizkiozue, beste familia batzuek erabili ahal izan ditzaten. Horrela, ikastolako mailegu-sarea osatzen eta indartzen lagunduko duzue.

Horretarako, bete honako galdetegia.

3. JANTZIAK ESKATU

Gabon hauetarako baserritar jantziak, galtzerdiak edo abarkak behar dituzue? Neurri jakin bateko jantziren baten bila bazabiltzate, adierazi zuen beharrak.

Horretarako, bete honako galdetegia.

NOLA ANTOLATUKO DUGU?

Ekimenak hiru fase izango ditu:

1. fasea – Izen-ematea eta datu-bilketa

Abenduaren 9ra arte

Familiek eskaini edo behar dituzten jantzien berri emango dute.

2. fasea – Jantzien banaketa

Abenduaren 14tik 18ra

Jasotako eskaintzak eta eskaerak kontuan hartuta, maileguak eta dohaintzak antolatuko ditugu.

3. fasea – Maileguan utzitako jantzien itzulketa

Urtarrilean zehar

Maileguan jasotako jantziak jabeei itzuliko zaizkie.

Laskotruk arropa trukatzeko ekimen bat baino gehiago da. Elkarri laguntzeko, daukaguna partekatzeko eta kontsumo arduratsuago baten alde egiteko aukera da.

Beraz, ireki armairuak, begiratu ganbaran eta eman beste bizitza bat erabiltzen ez dituzuen baserritar jantziei!

Denon artean egiten dugu denona den ikastola.

Eskerrik asko zuen parte-hartzeagatik!

Laskorain Ikastola