Liburuaren hilabetea

Afrikako literatura sustatzeko asmoz, Tolosako Udal Liburutegian apirilaren 23tik maiatzaren 30era bitarte ekintza bat antolatu dute, ospatu ohi dugun liburuaren hilabetearen barruan.

Horretarako, Afrikari buruzko bi liburu-interesgune sortu dituzte: bat helduen liburutegian eta beste bat haurren liburutegian. Parte hartzeko, aipatutako interesguneetatik liburuak maileguan eraman behar dira, eta partaidetza-orri bat jasoko da maileguan eramaten den ale bakoitzeko. Behin liburua irakurrita, partaidetza-orria bete behar da (norberaren eta liburuari buruzko datuekin, baita iruzkintxo batekin ere). Parte-hartzaileen artean zozketa bat egingo dute eta kultura-bonuak zozketatuko dituzte.

Interesgunean hizkuntza ezberdinetan idatzitako liburuak bildu dira, ahalik eta erabiltzaile gehienek izan dezaten parte hartzeko aukera. Hori dela eta, euskaraz eta gaztelaniaz gain, badira arabieraz, ingelesez eta frantsesez idatzitako liburuak, baita Irakurketa Errazean idatzitakoak ere.