Kanbo-Tolosa

Urteak dira Kanboko Xalbador Kolegioko eta Laskorain Ikastolako DBH 1. mailako ikasleen arteko trukea egiten dela. Aurten ere, gurean izan berri dira Kanbokoak 3 egunez; eta udaberrian joango dira tolosarrak hara. Ekimen honi esker Ipar Euskal Herrikoek hegoaldeko errealitatea ezagutzeko aukera izango dute; eta alderantziz, Hego Euskal Herrikoek iparraldekoena.

Bateko zein besteko bizimodua eta ohiturak ezagutzeaz gain, euskararen hizkera molde desberdinak entzuteko aukera izango dute. Bestalde, euskararen egoera soziolinguistiko minorizatuaren kontzientzia hartzeko esperientzia paregabea izan ohi da. Euskal Herria 3 administrazioetan banatuta egoteak gure hizkuntzak bakoitzean duen egoera oso ezberdina izatea dakar. Ipar Euskal Herrian, euskara ez da ofiziala; eta hortaz, euskaraz ikasteko aukera bakarra ikastolek eskaintzen dute, frantziar gobernuaren ia laguntzarik batere gabe. Gure ikasleek horren berri izateko aukera dute, bertatik bertara ezagutzen dutelarik Xalbador Kolegioa, eta ikastolek euskal gizartean duten garrantziaz jabetzen dira. 

Trukean parte hartuko duten gazteak, ohiko ingurunetik atera, eta ohartzen dira eurentzat hain naturala den euskaraz bizitzea ez dela hain ohikoa beste lurralde batzuetan. Zentzu horretan, ikastolako curriculumaren baitan eta, bereziki, Euskaraz Bizi proiektuan egiten den lana zentzatu egiten da gaztetxo hauengan. Iparraldeko ikasleek ere ateratzen diote etekinik esperientzia honi. Haietariko zenbaitentzat biziki esanguratsua izaten da zinez euskaraz bizi diren gazteak badirela ikustea eta Euskal Herrian euskaraz bizitzea zilegi den ingurunerik badela ezagutzea. Horrenbestez, bistakoa da bi lurraldeetako ikasleak onuradun ateratzen direla truke honetan.

Eta aurreko guztiaz gain, beste ikastola bateko gazteekin harreman berriak egin eta ongi pasatzeko aukera paregabea da, azken finean, urteroko zita hau!