20 urte bete dituen
20 urte bete dituen ikasle-trukea: kultura eta hizkuntza gutxituen arteko zubi
Badira 20 urte Bretainiako Diwan Ar Releg ikastetxearekin eskola-trukea hasi genuela, eta urteurren berezia ari gara ospatzen Laskorain Ikastolan. Pasa den astean etorri ziren 57 ikasle eta 5 irakasle Tolosara eta gu martxoan joango gara, 30 ikasle eta hiru irakasle, gure lagun bretoiak bisitatzera eta orain arte sortu den kidetzeari jarraipena ematera.
2004ko azaroan ekimena abian jarri genuenez geroztik, Laskoraineko frantseseko ikasleek eta Diwan ikastetxeko gaztelerakoek murgiltze-astebete bizitzeko aukera izaten dute, trukakideen etxeetan biziz. Egun horietan, ikastolan ikasitakoa praktikan jartzeaz gainera, arrotz zaien kulturaren bihotzean murgiltzen dira gazteak mahaiko elkarrizketetei, elkarrekin egiten dituzten jarduerei eta familia anfitrioiekin bizitzen dituzten hainbat eta hainbat momenturi esker.
Pasa den astean izan ziren bretoiak Tolosan eta, dena ondo bidean, martxoan joango gara euskaldunok Bretainiara.
Hizkuntza gutxituak, handi
Diwan ikastetxeak murgiltze-eredua bretoieraz gauzatzen duten hezkuntza-erakundeak dira, zeinetan eskola-bizitza eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesua bretoieraz gauzatzen den. Laskorain ikastolak helburu zabal horretan bat eginik, Ar Releg Kerhuoneko kolegioarekin antolatzen du truke hau.
Euskarak eta bretoierak, hizkuntza minorizatuak izan arren, kultura-aberastasun izugarria dute: mendez mende mantendu dituzte ahozko tradizioak, literatura, eta musika-adierazpen propioak, hiztun komunitateen identitatearen oinarri direnak. Euskara eta bretoiera, horrenbestez, komunikaziorako tresna izatez gainera, badira aparteko mundu ikuskera gordetzen duten hizkuntzak ere. Ondorioz, gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, balio horretaz jabetzeko eta, horrekin batera, hizkuntza-aniztasuna zaintzeko eta egoera minorizatuan daudenen sustapen-beharrean hezteko eta haien aldeko kontzientzia aktiboa indartzeko parada interesgarria dira gisa honetako egitasmoak.
Gazte euskaldun eta bretoi hauek bakoitzak bere herrian bizi duen errealitate soziolinguistikoa atzerrikoarekin erkatzeko aukera izaten dute eta testuinguru sozio-politikoak testuinguru, balio izaten die hiztunaren hizkuntz kontzientzia eta jarrera balioan jartzeko. Izan ere, hizkuntza minorizatuaren aldeko jarrera aktiborik ezean, nekez baitarama gazteak ikaskuntza-hizkuntza duen hori eguneroko bizitzara, lagunartera eta familiara. Euskal Herrian bezala, Bretainian ere, jatorrizko hizkuntzaren kale-erabilera erronka izugarria da.
Esperientzia akademikoa eta ondare emozionala
Murgiltze-astea, ikasle askorentzat, beste kultura batekin eta beste bizimodu batekin bizitzen duten lehen aldia da. Eguneroko jarduerek, kultura-txangoek eta hango zein hemengo ikasleek elkarrekin egiten dituzten lanek lagun berriak egiteko aukera ematen diete eta, beraz, esan dezakegu truke honen inpaktua akademiko hutsa izatetik haratago doala, lotura emozionalei bide emanez. Modu horretara, ikastolak lantzea helburu duen pertsona-ereduan bete-betean eragiten da, desberdintasun kulturalak elkarren arteko harremanerako oztopo ez baino, elkarrenganatzen gaituzten zubial direla ohartaraziz.
Bizitzak eskaintzen dituen aukerak
Truke hau beste herrialde batean astebete igarotzea baino askoz gehiago ere badela nabarmendu nahi dugu. Gure gazteak, giro seguru eta lagunkoian atzerriko hizkuntza ikasteaz gainera, pertsona gisa ere hazten dira, munduarekiko ikuspegi irekiagoa garatuz eta kultura- zein hizkuntza-aniztasunarekiko errespetua balioetsiz.
Ezin dugu ahaztu, azkenik, proiektu hau 20 urtez garatzea ez zatekeela posible izango, hasieratik eutsi dioten irakasleen lanik eta ilusiorik gabe.. Beatris Ar Roue, Bretainiako gaztelaniako irakaslea, funtsezko zutabeetako bat izan da, ikastolako hainbat irakaslerekin batera. Urteurren honetan, ezin aipatu gabe utzi gurasoak. Hamaika izan dira urtez urte gure proiektuan sinetsi dutenak eta konpromisoa hartu dutenak haien etxea eta bihotza eskuzabal eskaintzeko gazte atzerritar horiei. Bihoakie gure eskerrik minena.
Itxaropentsu eta gogo betez begiratzen diogu etorkizunari, Laskorain ikastolaren helburua lankidetza hori indartzea eta iraunaraztea baita. Etorkizunean ere, Ar Relegeko Diwan ikastetxeko gazteek izan bezate aukera gure gazteekin esperientzia aberasgarri hori bizitzeko.