Erasmusekoak

Batxilergo 1. mailan, Historia Garaikidea ikasgaiaren baitan, ikasleek Erasmus+ proiektu batean ari dira parte hartzen. Oraingo honetan, gurean izan dira aste batez.

Giza eskubideen urraketa aitzaki hartuta, gure ikasleek aukera izan dute Norvegiako, Alemaniako, Errumaniako, Belgikako zein Poloniako gazteekin hamaika bizipenez gozatzeko.

Lehen bi egunetan, elkar ezagutzeko parada izateaz gain, eskal kultura, tradizio eta hizkuntzarekin bat egiteko aukera izan dute, hainbat ekintzaren eta jolasen bidez. Proiektuari lotutako eskola edo hitzaldiak ere jaso dituzte, baita horien gainean lan egin ere.

Hurrengo egunean, Donostia bisitatu dugu Espainiako Gerra Zibilak eta ondorengo Frankismoak hiriburuan izan zuen eragina aztertu eta bertatik bertara ikusteko. Azkenik, Gernikako herrian ere izan ginen. Bertan, Bake Museoa bisitatzeko aukera izan genuen eta 1937ko bonbardaketak suposatu zuen Giza Eskubideen urraketari buruz ikaragarri ikasi genuen zuzeneko testigantzei eta aztarnei esker.

Tolosaldean Gerra Zibilean eta Frankismoan euskarak bizi izan zuen zapalkuntza eta horren aurkako erresistentzia ezagutu dute Haritz Azurmendi ikertzailearen eskutik. 

Euskararen Historia Soziala Tolosaldean egitasmoan aztertutako gertakari batzuk aurkeztu zituen Azurmendik: gerraurreko euskararen egoera eta Pizkundea, 36ko Gerran eta Frankismoan ezagututako bazterketa, zenbait euskaltzalek jasandako errepresioa eta 60ko hamarkadatik aurrera izandako loraldia. Garaiko bideo eta argazkiekin, azalpenekin eta galdera-tarteko solasaldiarekin, bisitariek euskararen historia hurbila eta Tolosaldea hobeto ezagutzeko aukera izan zuten. 

Gainera, Galtzaundik ibilaldi labur bat ere prestatu zuen Tolosako erdigunean barrena, mugikorreko maparekin euren kabuz jarraitu ahal izan zutena arratsaldean. Bertan, argazki zaharrak, euren gaur egungo kokalekuak eta azalpen laburrak tartekatuz hitzaldian entzundakoak errepasatu zitezkeen. Orain, mapa hori eskuragarri dago edonorentzat.

Mundiala izan da!