Euskal musikarekin
Euskal kulturaren transmisioa ardatz hartuta eta euskal musikan fokoa jarriz, batxilergoko 2. mailako ikasleek Mihise musika taldearekin zuzeneko bizipena izan dute ikastolako patioan.
Gaur egungo gaztetxoek euskal musika gutxi entzuten dute, harrituta geratuko ginateke ausaz hartutako 15 urteko nerabe batek duen euskal kulturaren inguruko ezagutzarekin; euskal musikaren bizipen falta nabaria dute.
Sortzaileak hezteko orduan, zer sortuko du musika ingelesez bakarrik edaten duen sortzaileak? Gazte sortzaile batek guztiz beharrezkoak ditu erreferenteak. Eta horiek euskaldunak izatea ez da ohikoa gaur egun (youtuberrak, gamerrak, kirolariak...). Musikan ere antzera gertatzen da, gazteen erreferente ia denak kanpotarrak dira.
Aipatutako puntuei erantzun integral bat ematea ez da egun batetik bestera egiten. Hala ere, ikasleentzat proposamen interesgarri hau ekarri dugu, euskal musikarekin hartu-eman zuzena izango duten ekitaldi bat eskainiz. Mihise taldearekin elkarrizketa eta kontzertutxo bat izan da, euskal kantu ezagunak ardatz izan dituena.