Zertan da euskara Iparradean?

Osteguna Martxoak 26, kultur etxean izan ginen: Zertan da euskara Iparradean? Galdera horri erantzuten saiatu zen Xan Aire. Bera genuen hizlari aditua. Ez zen,ordea, bakarrik aritu:  lagun izan zituen DBH 1eko Laskorain ikastolako 4 ikasle eta Kanboko Xalbador kolejioko beste lau.Bakoitzak, bere bizipenetik abiatuta, azalpen paregabea egin zuen Iparraldean euskarak bizi duen egoerari buruz.
 
Galtzaundik antolatutako hitzaldiak gaztetxoak urtero egin ohi dugun trukean harrapatu zituen  eta aukera polita izan zen euren ikuskera ezagutzeko: agerian utzi zuten nolako errealitatea ikusi zuten Kanbon izan zirenean eta hura zorrotz deskribatzearekin batera, aholkuak ere eskaini zituzten.
 
Tolosaldean Iparraldean baino askoz hobeto omen dago euskara, baina etsipenetik urrun, itxaropenezko mezu praktiko eta gauzagarriak zabaldu nahi izan zituzten: euskaldunon esku omen dago, neurri handi batean, zenbateraino ikusgarri egin nahi dugun euskara. Hizkuntzaren aldeko jarrerarik gabe, jai omen dauka euskarak. Gaztetxoek ofizialtasuna amets, hizkuntza-jarrera kontziente eta eraginkorren alde lan egitea aldarrikatu zuten. 
 
Geu ere itxaropentsu atera ginen: badugu testigua nork jasoa. Betoz gisa honetako beste horrenbeste!