Larunbatean Tolosan
Laskorain Ikastolak ohikoa duen Merkatu Txikiaren harira eta pandemiak baldintzaturik ezin antolatu ibili ginenez, iazkoan Elkartasun Ufada antolatu genuen Gabonen bueltan. Herritik eta herriarentzat aritu gara beti, eta halaxe arituko gara gerora ere.
Hiru izan ziren iazko Gabonen inguruan lagundu genituen elkarteak (Gipuzkoako Elikagai bankua, Gipuzkoako Caritas eta Zaporeak) , eta zinez eskertuta gaude lorturiko elkartasunarekin.
Oraingoan berriz, aurtengo ELKARTASUN UFADA Aita Mari erreskate ontziarekin sorturiko elkarlanaren fruitu da. Ikastolako ikasle guztiok jaso dugu Aita Mari erreskate ontziaren inguruko ezagutza, bai eta haiekin zuzeneko konexioa ere. Kapitainarekin, erizainarekin, boluntarioekin azken batean, solasaldian aritzeko aukera izan berri dugu. Horren guztiaren harira, Aita Mari erreskate ontziaren lana ezagutzearekin batera giza-eskubideen balioen defentsan aritzen den lan-taldea eta Aita Mari – Maydayterraneo proiektua laguntzeko prest gaude. Erreskate-misioak egiten ditu Aita Marik. Mediterraneo erdialdeko SAR eremuko uretan; gerratik, gosetetik edo zapalkuntzatik ihesi, etorkizuna izateko modu hori besterik aurkitzen ez duten pertsonak artatuz eta epeltasuna eskainiz.
Honenbestez, Laskorain Ikastolak argi adierazi nahi du bat egiten duela proiektuak berak defendatzen dituen eskubideokin:
Eskubideen defentsa:
- Bizitzeko eskubidea
- Laguntza humanitarioa jasotzeko eskubidea
- Babeserako eta segurtasunerako eskubidea
- Nazioarteko asiloa jasotzeko eskubidez
Horrenbestek, Ikastolatik hasi eta herrira zabaldu nahi dugu abian dugun manta eta lo-zaku bilketa. Horiek izan daitezela tolosarron eta bizilagun guztion epeltasun keinuak: "Familia bat, manta/lo-zaku bat".
Datozen egunetan, Laskorain Ikastolak Tolosaldea mugiarazi nahi du, herritar oro, gonbidatuz erakundea bera laguntzera eta bide batez, gure eskualdearen elkartasun ufada lau haizetara zabaltzera. Erronka, ondorioz, ahalik eta bilketarik handiena lortzea izango da.
Beraz, tolosar, bizilagun eta nahi duen oroko badu bere alea elkarlanerako honako hitzorduan, larunbat honetan, San Frantzisko elizako aterpean izango gara 11etatik 13:30era.