Erasmus +
Laskorain Ikastolak ibilbide oparoa izan du orain artean ikasle-trukeei eta nazioarteko harremanei dagokienez. Pandemiak, gure egunerokoa goitik behera jartzearekin batera, aipatu harremanak eteteko beharra eragin zigun, baina berriro ekin diegu gure nazioarteko egitasmoei.
Batxilergoko ikasleek parte hartuko duten proiektu honek “Remembering the Past for a Common Future” izena du (iraganari erreparatuz, etorkizuna eraiki). Europako 6 ikastetxek hartuko dugu parte:
- Mysen videregående skole. Mysen, Norvegia.
- Parler Gymnasium. Schwäbisch Gmünd, Alemania.
- Humaniora Kindsheid Jesu. Hasselt, Belgika.
- Liceum Ogólnokształcące im. ks. Piotra Skargi w Sędziszowie Małopolskim. Sędziszów Małopolski, Polonia.
- Liceul Teoretic Nicolae Bălcescu Medgidia. Medgidia, Errumania.
- Laskorain Ikastola. Tolosa, Euskal Herria.
Lehen lan-bilerak egin ditugu, Bruselan. Batxilergoko 3 irakasle bertaratu dira eta 3 egunez lanean aritu dira beste ikastetxeetako irakasleekin zein proiektuan inplikatu diren beste hainbat pertsonarekin, tartean Oslo eskualdearen Europako bulegoko langileak eta Giza Eskubideen Etxea Fundazioa.
Elkar ezagutzeaz eta ikastetxeen arteko harremana sendotzeaz gainera, bi urterako bide-orria sortu dugu denon artean. Historiako zein Ingeleseko eskoletan landuko dugun proiektua borobiltzeko eta nazioarteko harremanak sendotu asmoz, bidaia bana egingo dute gure ikasleek Alemaniara, Poloniara eta Belgikara.
Erasmus+, martxan!