Ikasle eta irakasleekin tailerrak
UEMAk, Udalerri Euskaldun Mankomunitateak, Laskorain Ikastolako langilegoaren artean egin zuen eskuhartzea joan den hilean. Aste honetan, berriz, batxilergoko 1. mailako ikasleek izan dute hauen bisita. 3 orduko saioak izan dira gutxi gora-behera ikasleek jaso dituztenak.
Herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten du mankomunitateak. Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea bultzatu nahi du UEMAk. Beraz, bete-betean dugu helburu komuna Laskorain Ikastolak eta UEMAk.
Aipatu tailerren helburu nagusiak hiru puntutan laburbildu daitezke:
1. Ikasleen pertzepzio soziolinguistikoan eragitea. Gazteek euren hizkuntza praktikak eta herriko egoera Euskal Herriko testuinguru orokorrean kokatu behar dituzte. Horrez gain, hizkuntzaren izaera ez dela egonkorra eta bilakaera dinamikoa dela ulerraraztea da helburua
2. Udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan duten funtzio garrantzitsua azpimarratzea eta zeregin horren protagonista bihurtzea. Ikasleek udalerri euskaldunetako herritarrek daukaten lidergo natural horren kontzientzia hartzea da xedea.
3. Norbere jarrerei buruzko gogoeta egitera bultzatuko dituzten jarduerak egingo dira. Bakoitzaren bizimoduan daude elementuak aztertuz (familiakideak, lagunak, testuinguru konkretuak,…) euskal hiztun moduan kontzientzia eta ardura hartzera bideratuko dira ikasleak.