Biharko Euskal Hezkuntza Sistema
BIHARKO EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA GAURTIK ERAIKITZEN HASTEKO EKARPENA EGIN DUTE KASTOLEK
“Gaurtik da bihar”; esaldi horrekin amaitu dute ikastolek, gaur, Irungo Ficoba erakustazokan, Euskal Hezkuntza Sistemak bere baitan jaso behar dituen oinarrien ENDEKALOGOA aurkezteko egin duten aurkezpenean. Gaurtik da bihar, eta ENDEKALOGOA biharko Euskal Hezkuntza Sistema gaurtik eraikitzen hasteko egin duten ekarpena dela azaldu dute.
Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusia amaitu berritan aurkeztu dute BIHAR, Euskal Hezkuntza Sistemak bere baitan jaso behar dituen oinarrien ENDEKALOGOA. Ikastolen mugimendua osatzen duten 111 ikastoletako ordezkariak bertan zirela, Euskal Herri luze zabaleko hamabost ikastolakideren artean aletu dituzte puntuz-puntu, proposamenaren hamaika oinarriak. Oinarri horiek hiru bloketan banatzen dira :
Oinarrizko printzipioak: unibertsala; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; Euskal Curriculumetik eraikia eta Euskal Herria bere osotasunean landuko duena
Hezkuntzak landu beharreko baloreak: hezkidetzan oinarritua; laikotasunean heziko duena; ikasleak bere egiten dituen ezaugarrietatik pentsatua, eta inklusiboa.
Hezkuntzaren antolaketa: gobernantza demokratikotik antolatua; ikastetxeei autonomia aitortuko diena, eta publiko-herritar eredutik sortua.
Beronen aurkezpenarekin ikastolek hasiera eman diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege bati begirako beren proposamenaren zabalkundeari eta lanketari. Horretarako, ikastolen komunitate osoa “behar dugun hezkuntza sistemaren alde” lanean jarri dute. “Garen guztia eta dugun guztia horri zor baitiogu, herri ekimenari. Gugan 60.000 ikasleren gurasoek eta milaka irakasle eta langilek ezarritako konfiantza osoa itzuli nahi diogu gizarteari. Gure jakintza, gure antolakuntza gaitasuna, gure berrikuntza pedagogikoa, gure herri ekimen zabalak… jartzen ditugu herri honen hezkuntza sistemaren zerbitzura. Gure erantzukizuna ere badela ulertzen dugu, eta gure erantzukizun betetzeko prest gaude”, adierazi dute.
Hezkuntza legeari buruzko eztabaida sakona eta mamitsua nahi dute ikastolek, eta batez ere eztabaidarako giro on bat, lege horretarako gakoa izango baita eragile guztiak duten onena ematea eta elkarrekin ematea. Horregatik, gaurko aurkezpenean, lege horri begira jartzeko eskatu dute: “Ez da erraza izango, baina aukera dugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Hezkuntza Lege berri bat aurrera ateratzeko. Ausardia eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari, alderdiei eta hezkuntza eragileei, gure iritziz, nahi eta behar dugun hezkuntza ereduaren inguruan adostasun sozial berri bat eraikitzeko. Zein da gure herriak behar duen hezkuntza eredua eta zein da horrek eskatzen duen sistema? Egin dezagun indar berezi bat galdera honi erantzun bateratu bat emateko. Izan dadila hori eztabaida zabal eta sakon baten emaitza, denon artekoa eta hemen garatua eta gure hezkuntza sistemak dituen gabezia nagusiei aurre egiteko balioko duena; hastapeneko marra gorririk gabe, elkarlanerako borondatearekin. Gure hezkuntza sistemak eta gure euskarak merezi dute eta”.
Datozen hilabeteotan, ikastolaz ikastola, herriz herri, Euskal Hezkuntza Sistema eraikitzeko proposamenak lantzen ibiliko direla aurreratu dute. Ekitaldi sorta bat ere osatu dute. Lan horri ekiteko aurkeztu dute, hain zuzen ere, 11 oinarriz osatutako Endekalogoa , “horien gainean eraiki behar dela uste dugulako Euskal Hezkuntza Sistema. Herri 1, Hamaika oinarri, 111 Ikastola”.
Endekalogoaren aurkezpenean ikastolen mugimenduko hamabost kidek hartu dute parte. Hitzaurrea Koldo Tellituk eta Nekane Artolak egin dute, hurrenez hurren, Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta lehendakariordeak. Endekalogoaren oinarrizko printzipioak, berriz, ordezkari hauek azaldu dituzte: Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak; Elena Zabaletak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak; Liher Larreak, Arabako Ikastolen Lurralde Batzordeko koordinatzaileak; eta Josune Bañalesek, Bizkaiko Ikastolen Lurralde Batzordeko koordinatzaileak. Hezkuntzak landu beharreko baloreak, berriz, ordezkari hauek azaldu dituzte: Arantxa Zelaietak, Labiaga Ikastolako zuzendariak (Bera-Nafarroa); Maite Urmenetak, Xalbador Kolegioko zuzendariak (Kanbo-Lapurdi); Lohizune Telletxeak, Oiartzo ikastolako ikasleak (Errenteria-Gipuzkoa); eta Rober Okarizek, Assa ikastolako zuzendariak (Lapuebla de Labarka-Araba). Hezkuntzaren antolaketari buruz, berriz, ordezkari hauek jardun dute: Nerea Zumeagak, Zubimusu ikastolako zuzendariak (Amasa –Villabona eta Zizurkil -Gipuzkoa); Urko Goitiak, Eleizalde Ikastolako zuzendariak (Bermeo-Bizkaia); eta Zuriñe Zorrozuak, Urretxindorra ikastolako zuzendariak (Bilbo-Bizkaia). Azkenik, ekitaldiaren amaierako hitzatzea bi ikasle ohik egin dute Arrate Hernandezek, Pasaia Lezo Lizeoko ikasle ohiak eta Nerea Olasok, Orereta Ikastolako ikasle ohiak.