Musika eta Gorputz Hezkuntza
Haur eta Lehen Hezkuntzan ekainera bitartean martxan jarriko ditugun berrikuntza batzuen berri eman nahi dizuegu.
Badira urte batzuk Haur Hezkuntzan, musika arloa indartzeko nahia genuela. Nahiz eta gure egunerokoan musikak bere lekua izan, gai honetan aditua den pertsonarik ez genuen izendatuta eta jorratzen genituen ekintzak puntualak ziren. Horregatik, urtarriletik ekainera bitartean, gure artean arlo hau indartuko duen pertsona bat izango dugu eta bide batez, irakasleon etengabeko formakuntzan lagunduko digu.
Saio hauek 2 urtetik hasita 5 urte bitarterako haurrei eskainiko zaizkie, eta beraien irakasle erreferentea bertan egongo da. Astean bi saio izango dituzte, 45 minututakoak. Landu nahi diren eremua; entzumena, sormena, erritmoa, koordinazioa, adierazpena eta motrizitatea eta mugimendua dira. Aste honetan eman diogu hasiera eta haurrak oso motibatuta ikusi ditugu. Beraz, ez dadila gelditu musika!
Bestetik, eskola kirola geldirik egon denez Lehen Hezkuntzako ikasleek ezin izan dute beraien osasunerako eta garapenerako horren garrantzitsua den jarduera fisikoa normaltasunez gauzatu. Bizimodu sedentarioa ekiditearren, Heziketa Fisikoa indartzeko beharra ikusi dugu eta ondorioz, betiko Gorputz Hezkuntzako saioez gain, bi astean behin bi ordutako saio gehigarri bat izaten ari dira gure ikasleak, eskola kiroleko bi arduradunen partetik. Ekimenak harrera ona izan du eta ekainera arte martxan edukiko dugu.