ERASMUS+ proiektu bat onartu digute!

 

Irail honetan ekingo diogu Erasmus+ programak finantzatutako “Remembering the Past for a Common Future” (iraganari erreparatuz, etorkizuna eraiki) proiektuari.  Europako 6 ikastetxek hartuko dugu parte egitasmo honetan eta lehen aldiz egingo dugu lan horietako 5ekin, izan ere, Hasselteko ikastetxearekin hainbat urtez aritu gara 2014az geroztik, Erasmus+ proiektu batekin hasi eta trukeekin jarraitu baitugu, gaur arte.

Esan bezala, 6 herrialdetako ikastetxe banak osatuko dugu lan-taldea:

  • Mysen videregående skole. Mysen, Norvegia.

  • Parler Gymnasium. Schwäbisch Gmünd, Alemania.

  • Humaniora Kindsheid Jesu. Hasselt, Belgika.

  • Liceum Ogólnokształcące im. ks. Piotra Skargi w Sędziszowie Małopolskim. Sędziszów Małopolski, Polonia.

  • Liceul Teoretic Nicolae Bălcescu Medgidia. Medgidia, Errumania

  • Laskorain Ikastola. Tolosa, Euskal Herria.

Aipatu proiektua Europar Batasunak finantzatuko du eta 2022ra arte iraungo du, printzipioz. Batez ere, Batxilergo lehen mailako ikasleek izango dute parada zuzen-zuzenean aukera honetaz gozatzeko, Historiako eta Ingeleseko klaseak baliatuko baitituzte horretan lanean aritzeko eta, beraz, beste herrialdeetara bidaiatzeko, egindakoa erakustera. Ondo bidean, ondorioz, ikastolan landutakoa beste ikastetxeetako ikasleekin partekatuko dute egingo ditugun bidaietan. Utziko ahal digu COVID-19ak hegazkina hartzen!

Historian zehar gerren ondorioz eman diren giza-eskubideen urraketa ikertzea da proiektu honen xedea. Horretarako, gerren ondorioz sortutako migrazio masiboak aztergai izango ditugu, besteak beste. Lan honen abiapuntua Espainiako Gerra Zibilak eragindako euskal errefuxiatuen egoera eta euskaldun gizarteak pairatutako errepresioa izango da. Horrekin alderatuz, egun gerra egoeratik ihesi gure mugetara iristen diren pertsonen testigantzak ere hizpide izango dira lana garatzeko.

Oso pozik eta gogotsu gaude lanean hasteko, bai baitakigu ikasleentzako zein irakasleentzako oso aberasgarria izango dela gure eta beste herrialdetako iraganeko pasadizoetatik ikasi eta elkarrekin etorkizuna irudikatzea.