Liburuaren egunaren harira
Apirilaren 23an, mundu mailan, Liburuaren Eguna ospatzen da eta, Katalunian, San Jordi eguna. Aurten opor eguna izan da guretzat, baina egun horren harira, Batxilergo 1eko Literatura taldekoak prestaketa lanetan aritu dira azken hilabetean.
Sakramentino nahiz Usabaleko ikasleei argazkiak atera dizkiete eskuetan libururen bat zutela eta, azkenik, Usabaleko irakasle gelaren aurrean dagoen paretan zintzilikatu dituzte. Bestalde, teorian hain desberdinak diren Teknologia eta Literatura arloak uztartuz, egur eta liburuz osatutako besaulkia diseinatu eta eraiki dute. Ganbarako liburu zahar eta egur berriei esker, imaginazioa eta tailerreko orduak erabiliz, literatura ez dela liburuetara mugatzen argi erakutsi dute.
Mila esker proiektuaren bidelagun izan zareten guztioi: argazkiak ateratzen uzteagatik, klase orduak eteteagatik (batzuetan aldez aurretik abisatuta, besteetan ez), egurra ekartzeko furgoneta erabiltzeagatik, egindako gastu ekonomikoarengatik, tailerreko atea orduz kanpo ireki eta ixteagatik eta, nola ez, konfiantzarengatik. Besaulkia zain izango duzue, Literatura, Teknologia edo nahi duzuen gaiei buruz eserleku erosoan hausnartzeko eta bide batez, ilusio handiz ateratako argazkiekin disfrutatzeko.