JONE eta MADDI: Txillardegi… senar, aita, ardura, ohore!
“Gure familia ez zen gaur egun garena izango, ama hor eta horrelakoa izan ez balitz”
21.Korrika. Apirilaren 4tik 14ra.Garestik Gasteiza.Txillardegi. Apirilaren 4a, Donostia.
Jone Forcada Adarraga eta Maddi Alvarez Forcada. 9:00. Laskorain ikastolako ikasle taldea. Batxilergo 1. Munduko Literatura.
Zein hitz erabiliko zenukete Txillardegi deskribatzeko?
Maddi: Gizon jakintsua baina baita ere umila.
Jone: Jose Luis zen borondate hutsa eta emana, oso erromantikoa eta apasionatua, azken momentura arte bere ideiak aurrera eramateko prest zegoena.
Maddi, zein zen Txillardegi eta zein zure aita?
Ez dut uste aita eta Txillardegi gauza desberdinak zirenik, Txillardegi zen etxean ere. Niretzako biak bat ziren, aita ez zen aita gainontzeko guzti hori gabe. Aitaren bi oroitzapen desberdin dauzkat: Umetan eskaini ziezagukeen denbora mugatua zen, toki batetik botatzen zutenean, gero gu atzetik joaten ginelako, baina gurekin egoten zen jolasten, edo pianoa jotzen. Eta beste irudia da, aita bulegoan sartuta lan eta lan.
Jone, zein da Jone eta zein Txillardegiren emaztea?
Bi gauza diferente baina funtsean gauza bera, hainbeste urtetan, berrogeita hamabost urtez, pertsona batekin biziera berezia bizi ondoren, ona ala txarra, markatu egiten zaitu.
Non edo nola ezagutu zenuten elkar?
Donostian 1950ean, Plaza Berrian (gerora Konstituzio plaza bezala ezagutzen dena) San Sebastian bezperan erromeria egiten zen eta han Antiguako mutil guapo kuadrilla ikusi genuen. Ni eta beste bi lagun dantzan ari ginen eta guregana etorri ziren - garai hartan gu ez ginen joaten mutilengana. Ez dakit nola, Jose Luisek ni euskaraz ari nintzela entzun eta niregana etorri zen euskalduna ote nintzen galdezka. Ba, nire aita euskaldun berria zen baina ni txikitatik euskalduna. Horrekin liluratuta, erdia egina zegoen… eta zazpi urtez andregai senargai bezala ibili ginen, Jose Luisek karrera bukatu bitartean, eta gero ezkondu ginen.
Interneten informazioa biltzen aritu gara eta ez dugu asko aurkitu zure inguruan, aldiz Txillardegiren informazio mordoa dago sarean. Hala ere, zu idazlea ere bazarela aipatzen da.
Bai zera, ni ez naiz idazlea, hori ipuin bat da. Bertrand Russell, intelektual eta matematikoa 1917an Errusiako iraultza ikustera joan zen, hura ikusi eta hangoa kontatu zuen. Bordelen bizi ginela hura irakurri, berotu eta itzuli egin nuen, eta piraten inguruko gazteentzako beste zerbait ere bai, baina ni ez naiz idazlea. Ez da egia.
Nola bizi izan zenuten pertsona ospetsuaren emazte eta alaba izatea, zama ala ohore bezala?
Jone: Ohore bezala, inondik ere ez zama. Izatekotan, ardura.
Gizon baten apendizea izan naiz, meritu propiorik egin ez dudanez. Gaztetan Forcadaren alaba eta Adarragaren biloba nintzen, gero Txillardegiren emaztea edota Joseba eta Mikelen ama. Baina Txillardegiren emaztea ohore bezala bizi izan dut.
Maddi: Ohore bezala, baina atzera begira, 18 urte dituzunean, Txillardegiren alaba zara, ez zara zu, hau da, non geratzen da Maddi? Gerora anaia ere nahiko sartuta egon da politikagintzan eta Txillardegiren alaba eta Josebaren arreba izate horretan, Maddi bezala difuminatua sentitu izan naiz, baina bai, ohore bezala bizi dut aitaren alaba izatea.
Publikoki ezer berezirik egin izan bagenu, izen propioa izango genuke, baina ez da horrela izan. Egia da ikastolan lanean, Maddi nintzela, nahiz eta batzuen ustez Txillidaren alaba, Txillardegi eta Txillida pertsona bera bailiran.
Nora joan zineten eta noiz itzuli zineten Euskal Herrira?
Jone: Jose Luis 1961.urteko urtarrilean atera zen eta gu urte bereko uztailean, bera Parisen zegoela han elkartu ginen. Gero, Hazparne, Angelu eta azkenik Belgikara. Han hemenka ibili ginen, bera botatzen zutelako. Gero Frantzian sartzeko baimena lortu zuen, baina ez Euskal Herrian. Gose grebak egon ziren tartean errefuxiatuen kanporatzeak zirela eta. Orduan, Bordelen lana lortu zuen unibertsitatean euskara irakasten. Frantziako gobernuak azkenean Ipar Euskal Herrira inguratzeko baimena eman zion eta azkenik Hendaian egon ginen sei urtez. 1977n, Franco hil eta gero, Donostiara itzuli ginen.
Bere ideiak etxean partekatzen al zituen?
Jone: Bai, gure etxeko bazkarietako giroan sekulako eztabaidak izaten genituen. Oinarriz ados egoten ginen, funtsean ados, baina formetan , batzuk anarkoagoak. Euskal Herria bai, baina nolakoa ez. Oso ederra zen. Euskararen gaiarekin denak ados egoten ginen; politikan saltsa, xehetasunetan saltsa.
Jose Luisen aurka jendea egoteak zein eragin izan zuen zuengan eta familia osoarengan? Nola erreakzionatzen zenuten?
Jone: Jende piloa zegoen aurka. Horren aurrean gure erreakzioa fuerteagoa zen, kikildu beharrean. Irabaziko genuela uste genuen, maila guztietan, eta hein batean hala izan zen. Euskara batuaren kasuan, ez zuten onartzen, baina idazle eta kazetari gazteen babesa ikusita, azkenean, Mitxelenak irabazia zegoela onartu zuen. Lau urte pasa ondoren, Euskaltzaindiak onartu zuen euskara batuaren ideia eta ortografia. “H” zela eta ez zela, ez zela posible, mespretxuz tratatu zuten,” h” aspiratu egin beharko zela eta hori ezinezkoa zela. Oso gogorra izan zen, baina gu are gogorrago.
Zer sentitzen zenuten hainbeste borrokatzen ikustean?
Jone: Ni guztiz ados, arrazoi zuela, baina seme alabek ez dakit zer esango duten.
Maddi: Umea izanda desberdina da, hara eta hona ibiltzeak, hiri eta eskola desberdinak… nik adibidez ez daukat haurtzaroko lagunik. Eragina izan zuen gugan, ezin izan genuen beste umeek bezala harremanik egin, lagun taldea izan. Hendaiara iritsi ginenean, sei urte pasa genituen bertan eta lehenengo aldiz harremanak egiteko aukera izan genuen. Horregatik, 1977an Franco hil eta gero, aitak Donostiara etorri nahi/beharra zuela esan zigunean, ez genuen inondik inora etorri nahi. Baina azkenean etorri ginen, aitarentzako hain inportantea izanik, etorri egin ginen. Lagun berriak egin behar berriro…
Maddi, txikiagoa zinenean jabetzen al zinen zure aitak nolako indarra zuen euskararen munduan? Gai izango al zinateke zure aitak momentu horretan sortu zuen euskararen aldeko borroka aurrera eramateko ?
Ez, inolaz ere. Horretarako heldutasuna behar da, nortasuna eduki eta erortzen zaizun egur guztiari eusteko gaitasuna izan. Oso indartsua izan behar da.
Jone: Jose Luisen egoera desberdina izan zen, euskara falta zuela konturatu zen eta euskalduntzen saiatu zen. Hauek euskara naturalki jaso dute. Garai desberdinak ziren. Gaur egun Donostian lizeoak daude euskaraz, ez euskara izugarri ondo doanik, baina lehengo giroa eta baldintza objektiboak bestelakoak ziren. Frankismo garaia zen eta guk sentitzen genuen presioa bestelakoa zen, ni lau haurrekin izan nintzen andereño. Seme alabek ez zuten presio hori bizi izan eta zuek ere ez. Orduan ez da inondik ere gauza bera.
Maddi: Aitaren ibilbidea ikusita, denok bihurtu gara neurri bat edo bestean militanteak eta hirugarren belaunaldiari, gure seme alabei, euskararekiko maitasun hori pasa diegu.
Zer sentitu zenuten Txillardegi Korrikan omenduko zutela jakitean?
Jone: Batetik satisfakzio handia, ofizialki ez baitu jaso, baina bestalde, gehiegi bezala, Korrika oso bat berari…
Maddi: Ni oso pozik, hil aurreko azken urteetan egindako lana estaltzeko joera egon zen instituzioen aldetik eta duela zazpi urte hil zenean, donostiarra izanik, udaletik errekonozimendua egongo zela pentsatu genuen. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Horregatik, Donostiako udal liburutegiak izenik ez zuenez, Txillardegi izena jartzeko ekimena sortu zen, sinadurak bildu eta abar, baina udalak adostasunik ez zegoela argudiatuz ez zuen aurrera eraman. Azkenik aitaren irudia kokatu zuten Herri Ekimenekoek Antiguako plaza batean, garai batean Txillardegi baserria zegoen lekuan.
Aurtengo Korrikaren kanta zer iruditu zaizue?
Egia esan ez dugu horren inguruan hitz egin, baina bai, harritu egin gaitu, orain arteko kantekin alderatuz, desberdina baina ondo, bazen garaia bestelako zerbait egiteko.
Nola ikusten duzue gaur egun euskararen egoera?
Jone: Nik ez dut batere ondo ikusten. Denek esaten dute euskaraz dakitela, ehuneko zenbat euskaldundu direla, baina ez da horrela ikusten, agian sentimendu kontua da, eta eurek seme alabak dituztenean euskaraz hitz egin nahi badiete ezingo dute, erabiltzen ez badute, ahaztu egingo zaielako. Hobeto dagoela, aurrera doala eta kulturalki inoiz ez dela hainbeste idatzi, bai, baina erabilpena ez bada ugaritzen zertarako, euskara ingelesa bezala eskolara mugatzen bada, beste gai bat bezala” ke rollo orain euskera!”, horrek nora garamatza? Itxaropena badut, baina utopia ote? Bestetik ere, Euskal Historia eta Euskal Kultura ez dira bereziki lantzen gure eskoletan…
Maddi: Ni ama baino ezkorragoa naiz, instituzio eta gobernutik ematen zaigun informazioa da eskolatik ateratzen diren gazteak euskaldunak direla, baina zer da euskaldun izatea? Bai, euskara irakatsi zaie, baina ez dira behar bezala euskaldundu, Derrigorrezko Hezkuntza bukatzen dutenerako gazteek zein maila duten jakiteko Euskal Herrian Euskaraz taldeak egindako ikerketaren emaitzak beldurgarriak dira (erdiek baino ez dute lortzen euskaraz behar bezala moldatzea), nahiz eta ETBn emandako mezu positiboetan hori ez duten kontatzen.
Bilboko egoerak beldurra ematen du, Donostia nahiko txukun dago Bilborekin alderatuta. Tolosaldea arnas-gunea izanik, zuek ez duzue asko nabarituko. Tolosaldetik Donostiara aldea badago, Donostiatik Bilbora zer esanik ez. Ez da egia ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean euskara maila ona dutenik, menperatzen dutenik, eta D ereduko ikastetxe baten aurrean jarrita, ikusten duzu ikasle asko erderaz mintzatzen direla, hemen Donostian behintzat. Euskaraldia bezalako ekimenak positiboak dira, baina instituzioen aldetik euskararen aldeko benetako apustua egiten ez bada, eta erabaki ausartak hartu, egingo ditugu milaka Euskaraldi baina ez dugu benetan eragingo. Oraindik ere, euskaraz bizitzea etengabeko borroka izaten da.
Gainera, 80.hamarkadan Euskal Herrian Euskarazen ari ginenak euskal telebista behar zela aldarrikatu genuen, eta kostata lortu zen, baina gaur egun, gero eta nabarmenagoa da ETB1n zenbat erdara sartzen den, eta euskararen presentzia ETB2n guztiz folklorikoa da.
Zer hartu duzu Jonerengandik eta zer Jose Luisengandik?
Biengandik jaso dut borrokarako grina, eustearen gogoa, gogor egitea, amore ez ematea eta Euskal Herriarekiko maitasuna. Ezingo nituzke banandu, biek eman didate hori. Amak erakutsi digu, familiaren ardatz izanik, bat egiten, eta aitak hitz egiten, iritziak argudiatzen.
Zer hartu duzu Maddirengandik eta zer Jose Luisengandik?
Seme-alabengandik asko ikasten da. Maddirengandik zintzotasuna, oso zintzoa da, gehiegi eta dena, bai zintzotasuna. Jose Luisengandik ideia baten alde borroka egiteko gogoa eta honekin batera, hori bakarrik falta zen, etxean ez gelditzea. Borroka kalean ere irabazten da. Hori jaso dut Jose Luisengandik: aurre egiteko, borrokan jarraitzeko gogoa, amorerik ez ematea.
Ulertu al daiteke Txillardegi Jone gabe?
Jakina, ni izan ez banintz, beste bat izango zen, agian hobea, intelektualagoa... Baina horiek istorioak dira, idazteko oso politak, emakumearena eta hori, baina nik ez dut sinesten, beste edonork egingo luke.
Hala ere zu aukeratu zintuen…
Jone: Euskaraz nekielako, eta niri ere gustatu zitzaidan bera, besterik gabe.
Maddi: Amak ezetz esaten du, ez du bere funtzioa errekonozitu nahi izaten, baina gure familia ez zen gaur egun garena izango, ama hor eta horrelakoa izan ez balitz. Aita erbesteratu zutenean, bera atzetik joan zen urte eta erdiko anaia bizkiak eta ni sei hilabeteko haurra nintzela.
Jone: Bai amak oso inportanteak gara eta izango dira, eta ni pozik joan nintzen. Emakumeak oso fuerte gaude, oihu egiten uzten digute orain, baina kontuz, gauzak ezin dira pin, pan, pun egin, oso lotuta dituzte gauzak liberal kapitalista eta abar horiek
Euskara. Indarra. Mobilizazioa. Amorerik ez. Jakinduria. Umiltasuna. Ama. Alaba. Familia. Erbestea. Liburuak opari. Leturiaren egunkari ezkutua.Txillardegi. 21.KORRIKA!!!!!!