Berrikuntza pedagogikoak Batxilergoan
Esan dezakegu gure ikastola eraldaketa pedagogiko bete-betean dagoela momentu honetan. Azken urteetan, ikastolako txikienen irakasleetatik hasita, Konfiantzaren Pedagogiari buruz ikasi dugu, eta ikasgelara eraman dugu. Lehen Hezkuntzan ere horretan ari gara; alde batetik, konfiantzaren pedagogia hainbat mailatan inplementatzen, eta 3. zikloan EKI proiektuarekin bete-betean lanean.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere EKI materiala darabilgu ikasgelan, hau da, askotariko konpetentziak lantzera bideratuta dagoen material curricularra baliatzen dugu. Integrazioaren pedagogian txertatutako material curricular horrek konpetentziak ez ezik, lehenagotik ikastoletan lantzen den euskaran ardaztutako eleaniztasuna eta konpetentzia digitala ere integratzen ditu arlo guztietan.
Ildo horri jarraituz, Batxilergoan ere hasiak gara aldaketak txertatzen. Gure ikasleen profila kontuan hartuta, diziplinarteko proiektuak sortu ditugu eta 2 egunez erronka horiei aurre egiten aritu dira gure ikasleak. Batzuk ikastolako baratza batzuen inguruan aritu dira lanean; lurren emankortasuna aztertu dute eta negutegi moderno bat proposatu dute. Besteak, aldiz, historian barrena bidaia egin dute eta bidaia turistikoak antolatu dituzte, ondoren azoka bat egiteko.
Biak ala biak interesgarriak izan dira, lan asko egin dute eta asko ikasi dute. Aurrerantzean ere, gisa horretako proiektuak diseinatzen eta gelaratzen jarraituko dugu, Batxilergoan ere pedagogian eraginez.