EUSLE egitasmoa
Aste honetan bertan aurkeztu eta jarri da martxan EUSLE programa Laskorain Ikastolako DBHko lau mailetan, eta egitasmoak martxoaren 20ra arte iraungo du. Ekimenaren helburua argia da: ikastolako egunerokoan euskararen erabilera sustatzea eta ikasleen hizkuntza ohituretan eragitea.
Programa Tolosaldeako hainbat ikastetxerekin elkarlanean garatzen ari da, eta Galtzaundi Euskara Taldea-ren eskutik iritsi da proposamena. DBHko ikasgela bakoitzean ikasleen %20 inguru eusle izendatuko dituzte; hau da, gela bakoitzean lau ikasle inguruk konpromisoa hartuko dute ikastetxean dauden bitartean —eskolara sartzen direnetik irten arte— euskaraz aritzeko. Horretarako, Galtzaundiko teknikariak harreman zuzena izango du ikastolarekin, proiektua aurrera eramate aldera.
Aste honetan Eusle aurkeztu da DBHko gela guztietan. Saio horietan programaren nondik norakoak azaldu dira, eta hizkuntza egoera desberdinak aurkeztu zaizkie ikasleei. Egoera horietan hiztunok izan ohi ditugun joerak aztertu dituzte, hausnarketarako eta ohiturak aldatzeko abiapuntu gisa. Eusle izendatuko diren ikasleek astero balorazio inkesta bat beteko dute, prozesuaren jarraipena egiteko.
Ikastolako arduradunek adierazi dutenez, ziur daude ekimenak euskararen erabilerari bultzada emango diola; bai euskara ohiko hizkuntza dutenentzat, baita euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenentzat ere. Martxoaren 20ra bitartean, beraz, euskarak protagonismo gehigarria izango du Laskorainen.
Komunikazioko ikasleak




