La Basu raperoa

DBH 2. mailako ikasleek astelehen honetan saio berezia izan zuten. Oraingo honetan, gonbidatutako artista La Basu izan zen, eta aretoan eskaini zuen hitzaldia musika eta honen inguruko hausnarketa uztartuz. Rap abeslariak bere ibilbide artistikoaren berri eman zuen, bere kantuak tartekatuz, eta hip-hop zein rap kulturaren nondik norakoak azaldu zizkien ikasleei.

Tailer formatuan garatutako saioan, hip-hoparen jatorria, oinarriak eta balioak landu ziren, baita kultur mugimendu horren alderdi soziala ere. Genero musikal oso maskulinoa izan den arren, La Basuk bere esperientziatik hitz egin zuen, Euskal Herrian diskoa kaleratu duen lehen emakume raperoetako bat izan baita bera. Bilbo ingurukoa izanik, euskararen presentziari ere garrantzia eman zion bere ibilbidean, eta ikasleek gertutik ezagutu ahal izan zuten tokiko erreferente baten ahotsa eta esperientzia.