Amelia Tiganus eta Asun Casasola
Joan den otsailaren 9an eta 10ean, inauteriak gertu zirela eta, BATX 1eko eta BATX 2ko ikasleek Asun Casasola eta Amelia Tiganus-en hitzaldi interesgarri bezain gordinak entzuteko aukera izan zuten. Feminismoa, bortxaketak, sexu-harremanak eta pornoa bezalako gaiak landu ziren, gazteek egoera horiek lehen pertsonan kontatuta entzun zitzaten eta, batez ere, inauteriak bezalako jaietan sor daitezkeen egoerez konsziente egin eta ekintzara bultzatu nahi izan dituzte.
Amelia Tiganus mediku edo irakasle izatearekin amesten zuen, 13 urterekin, ikastetxetik bueltan, bost pertsonen artean bortxatu zuten arte. Hortik aurrera bere bizitza amesgaizto bihurtu zen. 2007an prostituzioa uztea lortu zuen, eta ordutik aktibismo feminista abolizionistan murgilduta dabil. Helburu nagusia emakumeen eta nesken sexu eta ugalketa esplotaziorik gabeko etorkizun baten alde borrokatzea da. Ikasleei eskainitako hitzaldian, azpimarratzekoa izan zen sexu-harremanak pornografiatik bereizten lagundu izana.
Asun Casasola, aldiz, Plentzian jaioa da, genero-indarkeriaren aurkako aktibista soziala eta indarkeria matxistaren aurkako sinbolo zibikoa. 2008an bere alaba, Nagore Laffage, hil zuten, eta gertakari horrek bultzatu zuen gazteei ikastetxeetan bere esperientzia kontatzera eta indarkeria matxista prebenitzeko sentsibilizazio- eta prestakuntza-programetan parte hartzera.
Bi emakume aktibista hauen hitzaldiak eredugarriak izan dira Laskoraineko ikasle zaharrenentzat, egoera horien inguruan hausnartu eta gainditzeko aukera eskainiz. DBH4ko Komunikazioko ikasleek idatzitako berria




