Elkarrizketa
Gaurkoan, eszenatokietako izar bat izango dugu hizpide, Irati Marin. Go!azeneko antzezle gisa ezaguna, bere talentuak eta eszenan duen presentziak milaka ikusle gazte eta euskaldunen bihotzak irabazi ditu. Bere ibilbide artistikoaren nondik norakoak eta gaur egun egiten duen lanaren inguruan sakonduko dugu. Ikastolara etorri zaigu azaroaren 28an eta DBH1eko ikasle talde bat izan du berari elkarrizketa egiteko ardura.
Zerk edo zeinek animatu zintuen antzerki munduan murgiltzera?
Antzerki munduan sei urterekin hasi nintzen, nire erabakia eta nire intereseko zerbait izan zen. Bigarren hezkuntzan hasi nintzenean inorrek ez zuen antzerkia egin nahi, beraz, eskolan ez zegoen antzerki talderik ezta tailerrik ere. Honen ondorioz urte batzuk antzerkia egin gabe igaro nituen. 16 urte bete nituenean Tolosako kultur etxeko 16 urtetik gorako antzerki tailer batean izena eman nuen, aldi berean tarte horretan ikasi behar nuena hautatzeko garaia zen, gurasoen galderak erantzun behar nituen; batxiller egin ala ez, nola ikusten zara hemendik 5 urtetara?... denei egindako galdera berdinak. Nik argi nuen nire burua eszenatoki baten gainean ikusten nuela, baina banekien hori ez zela posible. Gurasoek, ordea, posible zela esan zidaten, ea zerk ematen ninduen atzera. Hurrengo egunean zeuden batxiller motak erakutsi zizkidaten eta esan dezakegu horri esker gaur egun interpretazio munduan nagoela.”
Zein izan da telesail edo kontzertu batean abestu izan duzun abestirik gustokoena?
Abesti polittena! Jajaja. Ea ba, ufff. Agian aurtengo denboraldiaren espoilerra egin beharko dut, eh? Jejeje Abesti guztiak atera dira jada, ezta? Uste dut Spotify-en badaudela aurtengoak. Ba ez dakit, egia da iaz “Izarren artean” abestia neukala, Izar pertsonaiarentzako originalki egindako abesti bat dena, eta egia da edozeinek, edozein pertsonaik, ez daukala halako pribilegiorik. Abesti guztiak bertsioak izaten dira, beste talde batzuen abestiak. Orduan, egia da zuzenekoetan eta kontzertuetan bakarlari bezala abesteko aukera izatea ohore bat bezelakoa izan dela.
Egia da, eta ez du hala ematen, baina panikoa eszenikoa ematen zidan abesteak. Nik interpretazioa ikasi dut baina musika ez; ez dut solfeoa edo halakorik ikasi txikitatik, eta orduan musikaren kontrol handirik ez daukat, baina txikitatik gitarra jo dut, abestu dut… Go!azeneko kastingera arte publikoki etxean abestu dut. Go!azenen sartu nintzenean, sartu bezain pronto estudio batera joan eta tokatzen zaizun abestia abestu eta hortik jarraian kontzertuetara joatea tokatu zitzaidan, eta egia da beldur antzeko bat izan dudala abesti horrekin. Inoiz publikoki abestu gabe eszenatoki batera igo eta abesti hori abestea, nahiko zaila dena, esan dezakegu pixka bat gazigozoa ere izan zela, kostatu egin zitzaidalako, baina kariño handia diot abesti horri. Aurtengo abesti asko ere oso gustuko ditut, berriak atera direnei, adibidez: Nogenen Gastonbury eta horrelakoak dira nik nere egunerokoak entzuten ditudan abestietakoak eta ilusio bizia eragiten didatenak Go!azenen abesteak.
Txikitatik antzeztu edo abestu izan duzu?
6 urtetatik hasi nintzen antzerki tailerrean antzezten, baina tailerrean hasi baino lehen, txikiagoa nintzenean, antzerki batzuk egin izan gogoratzen naiz. Nik Herrikiden ikasi nuen, bere garaian Hirukide zena, eta hor gabonetako antzezlanak edo txirula jo,... Gogoratzen naiz oso txikia nintzela, 4 urterekin, antzerki txiki bat egiten genuela, Jaiotzaz, Olentzerori buruz, Erregeak etortzen zirela, eta Eguberrietako antzerkietan eta istorioetan Ama Birginaren papera egin nuen, irakasleak lotsa gutxiena zuena hartu eta ni hautatu ninduelako. Pentsatzen jarrita, oso oso txikitatik hasi nintzen mundu honen inguruan, antzezlan desberdinak eginez. Abestearena beti gustatu izan zait, orduan txikitatik abesti izan ohi dut, baina nere kabuz: irratian edo kotxean entzuten dituzun abestiak altuan abestuz, dutxan, eta horrelakoak,... Gero gitarra hasi nintzenean jotzen hau ere nire kabuz egin nuen, eta jada karreran, Arte Dramatikoan, “Canto” deitzen den ikasgai bat badago, eta bertan teknika ikasten duzu. Orduan dena txikitatik egin dut, nire kabuz, ez profesionalki.
Tolosarra izanda, zein jai duzu gustukoen?
Asko gustatzen zaizkit Iñauteriak, pila pila bat gustatzen zaizkit. San Juanak ere asko gustatzen zaizkit, herriko festak direlako, baino gertatu zait udara askotan ezin izan dudala egon lanagatik, adibidez. Go!azenen azken bi udarak bertan egon naiz lanean, orduan ezin izan dut atera, ez eskopeteroetan, ez ezer… Eta aurretik ere noizbait, ez dakit… Madrilen ikasi nuen arte dramatikoa eta unibertsitate horietan sartzeko ere froga batzuk egin behar dira azterketa batzuetan. Gogoratzen naiz ekainean tokatu zitzaizkidala eta San Juanak urte askotan galdu izan ditut, baina Iñauterietan beti hemen harrapatu izan nau. Bai, gehiago disfrutatzen ditut, agian mozorrotzen naizelako eta baita antzezteko aukera dudalako. Ni karrozan ateratzen naiz eta showak egiten ditugu, eta abar. Baina bai, Iñauteriak esango nuke direla.
Inauterietatik zer duzu gustukoen?
Ez dakit. Asko gustatzen zaizkit txarangak. Kontua da beti daudela, egunero, ez dakit zenbat txaranga aurretik, eta denok ezagutzen ditugun abestiak jotzen dituzte, lagunekin eta abar dantzatzen dugu,... Lehengo urtean izan zen lehenengo Iñauteria ni ezaguna izanda. Denboraldia bukatu da eta publikoki pertsona ezagun bat izanik, pixka bat gaizki pasatu nuen. Jende asko egoten da Iñauterietan eta esan bezala, karrozan egoten naiz. Bazekiten zein karrozatan nengoen. Oso goizetik ikusi ninduen norbaitek hor nengoela eta mundu guztiak zekien zein karrozetan nengoen, zein mozorro neukan, eta ilara moduko bat sortu zen nire inguruan, photocall moduko bat,... Nik, beste edozeinek bezala, nire Iñauteriak disfrutatu nahi ditut, dantza egin, lagunekin egon eta abar. Pixka bat zailak izan ziren aurreko Iñauteriak. Baina horrela zerbait esan behar badut, esango dut txarangak asko gustatzen zaizkidala eta txaranga atzetik dantzatzen entzutea.
Zein telesaietan nahiko zenuke antzeztu?
Nire telesail gustokoena Stranger Things da, eta horrelako mundu batean antzeztea izango litzateke nire ametsa. Hontaz aparte ere Harry Potter, zientzia fikzioa eta abentura mundua ere pila bat gustatzen zait.
Etxean betidanik hitz egin izan duzu euskaraz?
Bai, nire ama-hizkuntza da. Egia da nire ama tolosarra dela eta nire aita getariarra, eta nire aitaren familia, aitona-amonak, Sevillakoak eta Extremadurakoak direla. Nire aita txiki-txikitan etorri zen, beraz, bi hizkuntzak ikasi zituen, eta egia da nire aitari pixka bat gehiago kostatzen zaiola eta berak baduela lehenengo hitza erdaraz egiteko joera euskaraz baino; baina gero nik segituan euskaraz erantzunda berak ere euskaraz egiten du, beraz, etxean beti euskaraz egin dugu. Gero agian aitona-amonekin ez hainbeste, baina bai, beti izan dut euskara.
Zein izan da antzeztu duzun eszenarik politena?
Ez daukat horrenbesteko ibilbiderik, baina aurreko denboraldia ikusi baduzue, esango nuke asko disfrutatu nuela Sara, nire amarena, egiten duen Leirerekin. Azkeneko atalean daukagu sekuentzia bat oso garrantsitsua: berak uzten duenean, hau da, bere lana uzten duenean ,ezin duelako gehiago eta amore ematen eta joaten denean, eta ni atzetik esaten: “Ama, ez, behar zaitut…”. Sekuentzia grabatzea oso polita izan zen; nire lehenengo aldia izan zelako profesionalki, beno, ba negarra egin behar nuen sekuentzia bat grabatzen. Eta horrelakoetan normalean ez dizute exijitzen negarra egitea, hau da, batzuetan esaten dizute erritmo azkarrean goazela, grabatu behar ditugula sekuentziak denbora gutxian, eta normalean ez digute askotan denborarik ematen emozio horiek bilatzeko, aurreko sekuentzia grabatzetik baitzatoz, kasu honetan hamargarrenetik, agian hirugarren ataleko sekuentzia bat zure lagunekin “jiji-jaja” grabatzea tokatzen zaizu, dena desordenatuta doa… eta orduan aldaketa hori egitea, korrika arropa aldatu eta ez dakit zer, ba ez dizu denborarik ematen emozio horretan sartzeko. Gogoratzen naiz esan nuela: “Ez dakit negarra egingo dudan, saiatuko naiz, baina ez badut lortzen ere ba batzuetan ez da beharrezkoa, sentimendua baldin badago ba listo”.
Sekuentzia zen bera atzetik zihoala eta orduan momentu batean “Ama” esaten dut, eta berak buelta eman zuen. Oso dramatikoa dena, eta buelta emate horretan, entseguan bertan, bat-batean buelta eman eta bera negarrez ari zen. Nola izan zen kapaz entsegu batean, etorri berritan, mikrofonatuta, korrika… buelta eman eta bera negarrez; eta horrenbesteko inpresioa eman zidan, pena eman zidala eta ni hasi nintzela negarrez, esaten nuen: “Jesus, zer ari zara negarrez…”. Eta berari esker lortu genuela uste dut. Nik ere lortu nuen hor ondoan edukita eta kariño handiarekin. Oso ondo gordeta daukat sekuentzia hori. Aurten ere badaukat adibide pare bat, baina ez dizkizuet esango, ez direlako oraindik atera.
Ze esperientzia gordetzen duzu Go!azen telesailetik?
Nik uste dut, orokorrean, telesaila grabatzea gordetzeko moduko esperientzia dela. Pila bat ikasten duzu; erritmo bat ematen dizu, eta, bueno, suposatzen dut EITBko beste telesail askok, Go!azen bezalakoek, ez dutela hainbesteko aurrekonturik. Egia esan, euskarazko fikzioan eta proiektuetan ez dago diru askorik, eta horregatik, diru gutxiago izanda ere, denbora gehiago beharko litzateke, baina denbora gutxiago dago. Nik uste dut proiektu honek erritmo bat ematen dizula, beste edozein proiektuk emango ez lizukeena. Noizbait imajinatu nik Netflixen edo halako plataforma bateko serie bat grabatzea… errealitatea da egun batean lau sekuentzia grabatzen direla, hamar ordutan. Gurean, normalean, gure jardunak egunero hamar ordukoak izaten dira, hamar edo gehiago. Eta Go!azen-en hamabi sekuentzia grabatzen ditugu hamar ordutan. Orduan, aldea handia dago. Sekuentzia bakoitzeko ez dago ordubete ere. Beraz, esan daiteke lan profesional bezala ahalegin eta ikasketa handia dela horrelako lan batean egotea; eta ez bakarrik aktore moduan, pertsonalki ere bai: pazientzia, emozioen kudeaketa, nekeari aurre egitea… Nire inguruan jende pilo bat ari da lanean: zuek gu ikusten gaituzue, baina atzean, gu hamabi bagara, badaude hogeita lau edo gehiago, bikoitza edo. Bakoitzak bere lana ondo egin nahi du. Erritmoak ez dira errazak inorentzat, eta, orduan, nik esatekotan esango nuke denboraldi oso bat grabatzearen esperientzia osoa dela zerbait gordetzeko eta ikasteko. Gero, egia da urte osoan zehar ere kontzertuak eta bestelako ekitaldiak ditugula, eta urte osoko lana ere badugula. Hori ere opari bat da; ez da beste edozein telesailetan gertatzen. Bertan grabatzen duzu pertsonaia eta listo, lana bukatzen da. Go!azen-ek, ordea, aukera ematen digu jarraitzeko, jende askorengana heltzeko, kontzertuak egiteko, haur eta gaztetxoen estreinaldietara joateko… eta hor ere badago lana. Uste dut Go!azen-en egotea opari handi bat dela, ematen dizkigun aukerengatik eta esperientzia garbi eta bereziagatik.
Zer duzu gustuko egitea antzezteaz eta abesteaz aparte?
Gauza asko, baina adibidez irakurtzea asko gustatzen zait eta asko idazten dut. Egia da nik aurreko bi urteetan ikasi dudala ikus-entzunezko errealizazioaren goi-maila ere, ze bueno, karrera bukatu eta gero ez nuen lan profesionalik interpretazio munduan; hau da, egon naiz irakasle bezala, eta atera zaizkit aktore bezala lan txikiak, baina ez Go!azen bezalako lan profesionalik. Eta orduan, Madrildik bueltatu nintzenean pentsatu nuen beste zerbait ikasiko nuela, pantaila aurrean ez bada, atzean egoteko. Ikus-entzunezko antolaketa interesatzen zitzaidala erabaki nuen eta horregatik ere asko ikasi nuen: gidoiak idazten, edo proiektu bat zuzendu, sortzen,... Adibidez, lan teknikoak ere bai… ez da gehien gustatzen zaidana, baina nahiago dut errealizadore izatea, zuek ikusten dituzuen sekuentzien planoak eta kamera non jarri erabakitzen dituen hori, alegia, horrek ere artistikoki historia bat kontatzen duelako zuek ikusten dituzuen irudiekin. Modu hori ere asko gustatzen zait; orduan, ba bueno, oraintxe pixka bat Go!azenen oso murgilduta nagoenez, ez daukat horren presente, baina gidoi batzuk idatzita dauzkat… eta beste mundu hori ere asko gustatzen zait.




