Masaje eta haziera tailerra
Laskorain Ikastolan, 2024 eta 2025ean jaiotako haurren familiei zuzendutako masaje eta haziera taldea antolatu dugu. Bost hilabeteko iraupena izango du, eta saioak hilean behin egingo dira, asteazkenetan, 17:30etik 19:30era.
Saioak talde txikitan izango dira: gehienez 8 familiak parte hartu ahal izango dute, eta plazak izen-emate ordenaren arabera esleituko dira. Beraz, lehenengo zortzi familiak izango dira parte hartzeko aukera izango dutenak.
Saioak doakoak izango badira ere, izena ematean konpromiso bat hartzea eskatu nahi dizuegu, balitekeelako beste familia batzuk kanpoan eta parte hartzeko gogoarekin geratzea.
Taldearen gidaria Julene Armendariz izango da, ERROA, osasun mental perinatala sustatzeko elkarteko kidea.
Datak: abenduak 10, urtarrilak 14, otsailak 4, martxoak 4 eta apirilak 15.
Lekua: Laskorain ikastolako haurreskolan. (Sakramentinoak)
Izena emateko azken eguna: Abenduak 5. Ondorengo esteka bete behar duzue.
Saioetan, besteak beste, honako gai hauek jorratuko ditugu:
● Haurren garapen psiko-emozionala ezagutuko dugu, garai bakoitzean zer egin dezaketen (eta zer ez) ulertuz.
● Haurraren neurogarapen osasungarriaren oinarriak landuko ditugu, bai teoriatik bai praktikan.
● Haurren —eta helduen— emozioak zaintzen eta akonpainatzen trebatzeko dinamikak egingo ditugu.
● Gurasoen kezkak eta zalantzak partekatu, eta hauen inguruko informazio argigarria eskainiko dugu.
● Egunerokoan presente ditugun hainbat gai jorratuko ditugu, haurren (eta gure beraren) osasun mentala zainduz egoera horiek modu osasungarriagoan kudeatzen ikasteko: desteteari nola ekin, pardela kentzeko prozesua nola zaindu, egokitzapen-garaien ezaugarriak, kasketak eta haserrealdiak nola kudeatu, mugak eta arauak nola ezarri… egoera horietan baliagarri izango diren estrategiak eta gaitasunak landuko ditugu.
● Guraso-haur lotura afektiboa zaindu eta honen garrantziaz kontzientzia hartuko dugu.
● Gurasoek beraien eta beren haurraren behar eta desioak identifikatzeko hausnarketa bultzatuko dugu.
● Familiek behar duten sostengu emozionala eskainiko dugu, gurasoen ongizatea lehenetsiz.
● Haur-masajea landuko dugu, masajearen bidez haurraren garunean, nerbio-sisteman eta bestelako sistema guztietan dituen onurak ikuspegi zabal batetik ulertuz.





