Kanbotarrak
Urtero bezala, Tolosa eta Kanboren arteko elkartrukea gauzatu zen aurreko astean. Azaroaren 19tik 21era izan ziren gurean Kanbotik etorritako ikasleak. Hiru egun zoragarri pasa zituzten Tolosa ezagutzen eta DBH1eko ikasleekin jarduera ezberdinak egiten.
Asteazkenetik ostiralera Tolosa eta bere historia ezagutzeko aukera ugari izan zituzten; esaterako, ginkana kulturalaren bidez gure herriaren istorioak eta leku ezberdinak ezagutu zituzten. Elkartruke honen helburua Tolosa eta Kanbo anaitzea izan zen DBH1eko ikasleen elkartrukearen bidez.
Zoritxarrez, ostiraleko mendi-irteera bertan behera geratu zen eguraldi txarrak eragotzi zielako. Lastima, baina agian beste aukeraren bat sortuko zaie etorkizunean gure inguruko mendiak ezagutzeko.
Ikasle batzuek diotenez, esperientzia ikaragarria izan zen, asko ikasi zutelako, bai kanbotarrez eta baita haien kulturaz ere; eta alderantziz, kanbotarrek ere asko ikasi zuten Tolosako jarduerei buruz, herri-kirolen bidez eta, nola ez, herritarrekin mintzatuz. DBH1eko ikasleak apirilean joango dira Kanboko Xalbador kolegiora; ea zer kontatzen diguten itzultzean!
(Ahots gaztekoek idatzitako berria)




