Santimamiñera
Azaroaren 14an, batxilergoko lehenengo mailako Euskal Herriko Historiako ikasleek Bizkaiko Kortezubira egin zuten txangoa, Santimamiñeko kobazuloa ezagutzeko.
Historiaurrea eta Antzinaroa landu dituztenez, ideia paregabea izan zen bertara joatea. Hala ere, eta Paleolitoko labar margo hauek harrigarriak diren arren, ezin izan zituzten aurrez aurre ikusi, erreplika birtual baten bidez baizik. Izan ere, azken urteetan, gizakiaren eraginez, koba barnetik suntsitu da, eta gaur egun lehen 25 metroak besterik ezin dira bisitatu. Hala ere, adituak oraindik kobazuloan lanean ari dira.
Erreplika hori Santimamiñeko baselizan kokatzen da, eta bertan egin zuten lehenengo geldialdia. Ikus-entzuneko baten bitartez, bertako ezaugarriak, historia, gaur egungo egoera… ezagutu zituzten, gida batek datu interesgarriak ematen zizkien bitartean. Ondoren, koba errealaren hasierako 25 metroak bisitatzeko aukera izan zuten.
Horrenbestez, egun paregabea pasa zuten ikasleek, eta Euskal Herriko beste txoko zirraragarri bat ezagutzeko aukera izan zuten.






