Ikastolaren Eguna

Pasa den igandean, ekainaren 1ean, ospatu genuen Laskorain Ikastolaren Eguna, egitarau oparo eta giro ezin hobean. Goizean goizetik hasi zen festa, bizikleta martxarekin lehen kilometroak eginez. Ondoren, Haur Hezkuntzako ikasleen jaialdia, antzerkia eta abesbatzaren emanaldiak izan genituen, familiak eta komunitateko kideak batuz emozioz beteriko momentuetan.

Eguerdian, 1555 lagun bildu ginen bazkarian, eta ikastolan bertan prestatutako paella goxoaz gozatzeko aukera izan genuen, boluntarioen lan eskergari esker.

Arratsaldean, Kazkabarrakoek antolatutako jolasez eta Motx pailazoaren ikuskizunaz gozatu genuen txikiek zein helduek. Egunari amaiera emateko, Iratzar taldearen erromeriak dantzan jarri gintuen guztiok.

Laburbilduz, egun eder eta hunkigarria izan zen, ikastolako komunitatearen indarra eta batasuna berriz ere agerian utzi zuena. Eskerrik beroenak parte hartu zenuten guztioi!

(argazkilaria: Unai Altolagirre faktore.net)