Hazitik fruitura
Haur Hezkuntzako 3 urteko ikasleek baratzaren inguruko proiektu zoragarri bat bizi izan dute ikasturte bukaera honetan. Proiektua abiapuntu berezi batekin hasi zen: plazan baratzarekin loturiko lan tresnak agertu ziren, eta haurrek asmatu behar izan zuten zertarako eta non erabiltzen ziren. Pista guztien atzean, baratza zegoen!
Ondoren, Gaztelura egindako irteeran baratzak bertatik bertara ikusi zituzten. Esperientzia horrek piztutako jakin-minarekin, ikastolako baratza prestatzeari ekin zioten: taldeka, belar txarrak kendu eta lurra bueltatu zuten, guztiak eskuz eta gogoz.
Gelaka hainbat barazkiren marrazkiak ezagutu, izenak ikasi eta azkenean, elkarrekin erabaki zuten zein barazki landatuko zituzten: letxuga, azelga, tipulina eta marrubia. Beste lorontzi batean, perexila eta lore koloretsuak ere landatu zituzten. Baratzaren zaintza, noski, gelaka antolatu da, ardura eta ilusioz.
Jarduera aberats eta dibertigarriak ez dira falta izan: barazki ezberdinen asmakizunak landu dituzte, "Txorimalo Kaskarin" abestia ikasi, eta baratzea zainduko duen txorimaloa beraien eskuekin sortu dute, izenarekin eta guzti!
Azkenik, elikagaiak sailkatu dituzte: zeintzuk datoz baratzetik eta zeintzuk ez, bereizten ikasteko. "Tulipan txikiaren" ipuinak ere baratzearekin konektatutako emozioak piztu ditu. Eta bukatzeko, gelan landatutako lore baten hazia etxera eramateko aukera izan dute, oroigarri eta opari modura.
Hazkunde pertsonala, talde-lana eta naturarekiko maitasuna uztartu dituen proiektu aberatsa izan da.