Itsas hondakinen erronka
Laskorain Ikastolako DBH4-ko ikasle talde bat gara eta azken hilabeteetan MATER ingurumen hezkuntza zentroak gidatzen duen “Itsas Hondakinen Erronka: Gazteak aldaketaren protagonistak” proiektuan murgildu gara.
Ozeanoko plastikoen arazoa Lurrak dituen sei ingurumen-larrialdi garrantzitsuenen artean sailkatuta dago. 1950 eta 2015 urteen artean 6300 MT plastiko sortu zirela estimatzen da, eta urtero geroz eta plastiko gehiago ekoizten da, 1950tik 2020ra, 24 aldiz plastiko gehiago ekoitzi dugu. Gainera, sortzen den plastikoaren ia erdia, erabilera bakarreko aplikazioetan erabiltzen da, eta % 9a bakarrik birziklatzen da. Ezin dugu ahaztu plastikoa ez dela
desagertzen inoiz desagertzen, txikitu besterik ez da egiten mikroplastiko bihurtuz, eta beraz, urte luzez sortu dugun plastiko guztia Lurra planetan dago. Mikroplastiko sekundarioak plastiko handien zatietatik sortutako 5 mm-tik beherako plastiko zatiak dira, eta gaur egun mundu mailan dauden mikroplastikoen % 92 sekundarioak dira.
Tolosarrok ere hondamendi honen erantzule gara neurri batean, itsas hondakinen %80ak lur barreneko jatorria baitu, guk Tolosan sortutako hondakinak ziklo hidrologikoaren eta haizearen bidez iristen dira itsasora. Gainera, arazoa begi bistaz ikusten duguna baino larriagoa da; izan ere, itsas hondakinen % 70a itsas hondoan pilatzen da eta gizakiok ez gara horren jakitun. Itsasoak izaki bizidunontzat onurak izan arren, esate baterako, oxigenoa, elikagaiak, biodibertsitatea eta sendatzeko ahalmena du, guk ez diogu behar bezala eskertzen eta jarraitzen dugu sortzen itsas hondakinak, zeinak sekulako inpaktuak eragiten dituzten:
● Ekosistemen suntsipena: Itsasoko fauna eta floraren biziraupenerako beharrezkoak diren baldintzak arriskuan jartzen dira eta habitat naturalak galtzea eragiten dute.
● Espezie inbaditzaileen garraioa: Oso urruti dauden beste kosta batzuetako espezieek ur gaineko zaborrak erabiltzen dituzte, itsaslasterretatik gure kostetara bidaiatzeko, eta bertako espezieak bota ditzakete
● Kostu sozioekonomikoak: Kaleak eta hondartzak egunero garbitzea, saneamendu-sarea eta estoldak libratzea herritar guztiok ordaintzen dugu.
● Plastikoen kutsadura kimikoa: Plastikoetako gehigarri kimikoak askatu eta disolbatu egiten dira, ura kutsatuz. Gainera, plastikoek ere beste substantzia toxiko batzuk erakartzen dituzte eta animaliek irensten dituztenean, arazo ekotoxikologikoak eragiten dizkiete.
● Animalien korapilatze eta hiltzea: Itsasoko fauna korapilatu eta itotzen da itsas hondakinekin. Gainera, kate trofikoko animalia guztiek ere plastiko zati txikiak jaten dituzte, planktonetik baleetaraino.
● Giza osasuna: Astean 5 g plastiko irensten ditugu arnasketaren, uraren edo elikagaien bidez, hormona-alterazioak, gaixotasunak eta bestelako ondorio negatiboak eragin ditzake.
● Mikroplastikoak eta bere gehigarri kimikoak beste kutsatzaileak bezala biometatu eta biomagnifikatu egiten dira.
Hori horrela, argi dago zerbait egin beharra dagoela eta bideragarriena aldaketa txikiekin hastea da. Ikusi dugu Tolosako azokan, batez ere, erabilera bakarreko plastikozko boltsak erabiltzen direla herritarren artean. Aurretik aipatutako guztiagatik, argi dago ezinbestekoa dela egoera hori aldatzea, eta gazteok aldaketa horretan gure aletxoa jar dezakegu.
Laskorain Ikastolako jolastokian antolatuko ditugun kirol ekintzetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Kirol ekintzetan ondo pasatzeaz gain, itsas hondakinen inguruan gehiago ikasiko duzue. Parte hartzeko etxean duzuen telazko boltsa bat ekarri behar duzue, ondoren guk
bildutako boltsa guztiak Tolosako azokan banatuko ditugu.
Animatu eta zaindu dezagun itsasoa denon artean!