Haur Hezkuntzako

Haur Hezkuntzako irteerak: natura eta esperientziaz betetako azken asteak

Ikasturte amaiera hurbil dugun honetan, Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko ikasleek ikasitakoa bizipen bihurtzeko aukera izan dute azken asteetan egindako irteeren bidez.

3 urteko ikasleak Gaztelura joan ziren, bertako baratzak ezagutzeko. Baratza proiektua lantzen ari direnez, esperientzia aberatsa izan zen haientzat landareak eta barazkiak zuzenean ikusi ahal izatea. Ondoren, ibilalditxo bat egin zuten, ardiak ikusteko aukera izan zuten gainera, eta bertan bazkaldu zuten, naturaz gozatuz.

4 urtekoek, berriz, oinezko ibilaldia egin zuten Asteasutik Larrauleraino. Irteerak jarduera fisikoa eta natura uztartzeko aukera eman zien, eta iritsitakoan, Larraulgo frontoian jolasean aritu ziren eta bertan bazkaldu ere bai. Egun osoko esperientzia borobila izan zen haientzat.

5 urteko ikasleek, “Zurren bidaia” proiektuari amaiera emateko, Txingudiko ekoparkera egin zuten irteera. Hegaztien behaketa izan zuten helburu nagusi, eta gelan landutako espezieak bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten. Horrez gain, paisaia ikusgarriak eta natur inguruneak ere protagonismoa hartu zuten egun horretan.

Irteera hauek ikasgelan landutako edukiak bizipen bihurtzeko aukera paregabea izan dira, eta ikasleentzat ikaskuntza esanguratsua eta dibertigarria eskaintzeko balio izan dute.