Herri Urrats
Maiatzaren 11an egingo da aurten Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia, ohikoa denez, Senpereko aintziraren inguruan. Haurrentzako ekitaldiak eta musika izango dira egun osoan. Besteak beste, Olatz Salvador, Dupla, Ezpalak edota Süne igoko dira oholtza gainera.
Gure eskualdetik autobusez joateko aukera izango da. Izena emateko Galtzaundiko bulegora joan behar da.
Gustu guztietarako ekitaldiak aurkituko dituzte aurten ere Herri Urratsera, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestara, joango direnek. Maiatzaren 11an izango da, Elgarrekin lelopean, Senpereko (Lapurdi) aintziraren inguruan.
Hauxe da, gunez gune, egingo diren ekitaldi nagusien bilduma:
Araba berria gunean, haurren txokoak eta kontzertuak izango dira. Etxeko txikienentzako puzgarriak eta tailerrak izango dira, eta bertan izango da baita ere EITBren Makusi gunea. Tailerrak, photocalla eta Makusi pertsonaia aurkituko dituzte bertaratzen direnek eta "Irabazi Arte" telesaileko aktoreak ikusteko aukera ere izango da.
Kontzertuei dagokionean, besteak beste, Olatz Salvador, Süne, Ezpalak eta Frigo taldeak arituko bertan.
Lapurdi gunea janariari lotutako gunea izango da eta puzgarriak eta haurrei zuzendutako ikuskizunak ere egongo dira.
Bizkaia gunea haurrei zuzenduta egongo da oso osorik eta puzgarriak eta tailerrak izango dira bertan.
Nafarroa Badok gunean ere musika izango da nagusi. Zazpi talde igoko dira bertako oholtzara, tartean, Karena, PI.L.T. eta DUPLA.
Xiberoa gunea dantzaren gunea izango da. Hainbat dantza eskoletako gazteek emanaldiak egingo dituzte, hala nola, Estitxu Robles kolegioko gazteek edota Baionako kontserbatoriokoek. Ligiko Dantzariak eta Kukai dantza taldea ere bertako eszenatokian arituko dira.
Gipuzkoa gunean kantua izango da nagusi. Hasteko, bertsoa-saioa izango da Maialen Arzallus, Miren Artetxe, Aitor Servier eta Patxi Iriarterekin. Ondoren, Baiona Kantuz, Xabaltx edota Karmaren txanda izango da, besteak beste.
Baxe Nafarroa gunean, ikastolen jaietan protagonismoa hartu duen Erronka jokoa izango da.
Kattalin Elizalde kolegioan KEI gunea ezarriko da eta kirola izango da protagonista, batik bat, herri-kirolak. Aizkolarien saioan Eneko Saralegi, Julen Kañamares, Karmele Gisasola eta Malen Berrenetxea arituko dira. Harri jasotzeko saioa Udane Ostolaza eta Aimar Galarragak egingo dute eta Ipar Euskal Herriko jolasak ere izango dira ikusgai, hala nola, lasto altxaketa eta ingudea.
Azkenik, lakuaren ingurua alaitzen hainbat musika talde eta joaldun ibiliko dira. Egitarau osoa, Herri Urratsen webgune ofizialean dago ikusgai.