Argitxoren ibilaldi

Joan den ostiralean, euskararen aldeko ibilaldi antzeztuak arrakasta handia izan zuen. Laskorain ikastolako ikasleen eskutik, ikasle gazteenek Argitxoren baso magikoa ezagutzeko aukera izan zuten, irudimena, magia eta natura uztartzen zituen esperientzia paregabe batean.

Ibilaldiaren hasieran, Laskoraingo abesbatzak egin zien harrera. Ondoren,  euskal mitologiaren eta kulturaren inguruko antzezpenak eskaini ziren. Parte-hartzaileek Argitxoren istorioa ezagutu zuten, baita eguzkilorearen eta lauburuaren inguruko eztabaida dibertigarria bizi ere. Amaieran, euskalkien inguruko hausnarketa umoretsu batek alaitu zuen giroa, eta Argitxoren altxorra aurkitzeak ekitaldiari amaiera borobila eman zion.

Ekitaldia girotzen eta prestatzen, DBHko ikasleek eta abesbatzako gazteek lan bikaina egin zuten, ikusle gazteenak liluratuz. Eskerrik beroenak guztiei, euskararen alde egindako lanagatik. Gora Argitxo eta gora euskara!